Maiatzaren 18an hartu zituten atxilo hiru gazteak, Segiko kide izatea egotzita Auzitegi Nazionalak haien kontrako espetxe zigorrak eman ostean. Ehunka lagunek babestu zituzten Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, eta horiek osatutako giza hesia desegin zuen Ertzaintzak hiru gazteak atxilotu aurretik.
Horretarako erabilitako indarkeria "justifikaezina" izan zelakoan aurkeztu dituzte salaketak, Ibai Iriarte Eleak mugimenduko kideak auzitegiaren atarian adierazi duenez. Haren esanetan, "herri harresi bat" desegiteko "inoiz baino indarkeria handiagoa" erabili zuen Ertzaintzak Gasteizen, eta Poliziari eskatu dio irudiekin froga dezala hamazazpi ertzain zauritu zirela —hala jakinarazi zuen Jaurlaritzako Segurtasun Sailak—.
Andere Arriolabengoa abokatuak azaldu du salaketa gehienek borrekin emandako kolpe, ostikada eta ukalondokoei egiten dietela erreferentzia, baina ertzainek "mehatxu eta irain matxistak" ere egin zituztela ohartarazi du.
Salaketekin batera, bideoak, mediku txostenak eta lekukoen testigantzak aurkeztu dituzte. Horietako bat da Zuriñe Alvarado erizainarena. Hark azaldu du 70 lagun artatu zituztela giza hesia hustu ostean, eta bi erietxeratu egin zituztela.