Bosna hilabeteko kartzela zigorra eta zazpina urteko gaitasun gabetzea ezarri die Moreno eta Lomasi. Fernandez de Gamarraren kasuan, gainera, ekintzaren unean "mozorroa" zeramala esan du epaileak, eta hori erabili du zigor handiagoa jartzeko argudio gisa. Bi urte eta erdiko kartzelara zigortu du.
2007an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, 2005 eta 2007 artean Gasteizen izandako hainbat kale borroka ekintzarekin lotuta. 6 eta 27 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskalak —48 urtekoak, guztira—, desordena publikoak, "kalte terroristak" eta Segiko kide izatea egotzita. Absoluzioa eskatu zuen defentsak. Epaileak esan du ez dagoela frogarik gazte antolakundeko kide zirela esateko, baina desordena publikoa egotzi die hiru zigortuei, "helburu terroristarekin".
"Torturapeko deklarazioetan oinarrituta"
Joan den martxoan epaitu zituzten Gasteizko lau gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazteek salatu zuten torturapean lortutako deklarazioetan oinarritu direla epaiketan. Epailearen aurrean ukatu egin zuten polizia etxean deklaratutakoa. "Babesik gabe gaude", esan zuten 'Arabako Hitza'-k epaiketa aurretik egindako erreportajean.