Maialen Saez de Okariz eta Izaskun Goienetxea ez dira epaiketan agertu. Iazko abuztuaren 8an Gasteizko jaietan egindako ekintza bategatik epaitu behar zituzten gaur. Ordea, bi neskek azaldu dute ekintza horretan jai parekideen gaineko eztabaida mahai gainean jarri zutela, eta ez dutela onartzen hori egiteagatik epaituak izatea.
Salaketaren oinarrian abuztuaren 8an egindako ekintza dago. Blusa eta neska kuadrillek zezenetarako bidea egin ohi dute jaietan. Egun horretan, ordea, emakumezko talde batek bide hori eten zuen. Jai eredu parekide bat aldarrikatu zuten bertan. Horren aurrean, Blusa eta Nesken Batzordeak salaketa aurkeztu zuen bertan parte hartu zuten bi kideren aurka. "Bortxa" leporatu zieten.
Jai ereduaren gaineko eztabaidari heltzeko ordua dela azaldu dute. Horretarako, bi neskek azaldu dute mugimendu feministak "borondate ona" eta "asmo eraikitzailea" duela. Ildo horretan Blusa eta Nesken Batzordeari salaketa kentzeko eta hausnarketa egiteko eskatu dio. "Hausnarketak hain barneratuta dauzkaten dibertitzeko erak ezbaian jartzea ekarriko luke".