Indarkeria matxista

Gasteizko jaietan eraso matxistei erantzuteko protokoloa aurkeztu dute

Aurreko urteetan bezala, telefono bat jarri dute eskuragarri, eta eraso bat gertatu eta hurrengo egunera, elkarretaratzera deituko dute Andre Maria Zuriaren plazan, 20:00etan.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2017ko abuztuaren 1a
09:20
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak eraso sexisten aurka aritzeko protokoloa martxan jarriko du hiriburuko jaietan. Gasteizko txosna batzordeak, gaztetxeak, GEU elkarteko txosnak eta hainbat tabernak bere gain hartu dute protokoloa. Gasteizko mugimendu feministak sexismoa elkarbizitzarako "lehengo lerroko oztopo" gisa ulertzen duelako prestatu du protokoloa. Aurreko urteetan bezala, hainbat neurri martxan jarriko ditu jaietan eraso bat jasan edo ikusten dutenentzat. Batetik, telefono bat eskuragarri jarriko du:  688-71 87 01. Mugimendu feministako kideak 24 orduz egongo dira telefonoaren bestaldean, laguntza eskaintzeko. Erasoei nola erantzungo dieten ere zehaztu dute: gertatu eta hurrengo egunera, elkarretaratzera deituko dute Andre Maria Zuriaren plazan, 20:00etan. Ordu horretan, txosnak, tabernak eta gaztetxea ere itxi egingo dira, bilkurarekin bat egiteko. Horrez gainera, gauerdian jai guneetan argiak itzaliko dituzte, sirena hotsak jarri eta erasoak salatzeko iragarkia edo kuña jarriko dute.

Jai eremu batean erasoa izan den norbait hurbiltzen bada, lehentasun osoa erasoa jasan duenak daukala nabarmendu dute gaurko agerraldian. Hori gertatzen denean, erasoa izan denak esaten duena "entzun, lagundu eta babestu" behar dela nabarmendu dute. Norbait erasoa edo molestatua izaten ari dela ikusiz gero, halaber, hari laguntza behar duen galdetu eta laguntza eskainiko zaio. "Laguntzarik behar ez duela esanez gero, ez da tematu behar. Baietz esanez gero, ordea, erasoaren berri eman behar zaio jai gunearen arduradunari zein mugimendu feministaren arduradunari".

Erasotzailea gunetik kanporatua izango dela azaldu dute mugimendu feministako kideek. "Hasieran, hala egin dezala eskatuko zaio; ez badu egiten, jai gunetik kanporatuko du Mugimendu Feministak. Horretarako, aipatutako autodefentsa feministaz baliatuko dira, giza kate bat eginez horretarako".

Azkenengo urteetan bezala, mugimendu feministak abuztuaren 9an ospatuko du egun feminista. “Transzeledontzia Eguna” izena jarri diote egunari, eta zenbait ekitaldi egingo dira egun guztian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.