Jose Antonio Anguiano Gasteizko Udaltzaingoaren zuzendariak zenbait aholku eman zituen, El Correo egunkarian, Gasteizko jaietan eraso sexistarik ez izateko: leku edo inguru ilunetatik ez ibiltzea, lagunduta joaten saiatzea, hirigunean bizi diren lagunen etxean pasatzea gaua... Adierazpen horiek "emakumeen aurkako kriminalizazioaren eta estigmatizazioaren beste adibide bat" direla esan du mugimendu feministak.
Gasteizko mugimendu feministak salatu du aholku horiek emakumeengan jartzen dutela begirada. “Kalera ateratzeagatik errudun egiten gaituzte, eta ohartarazten digute kalera ateratzen bagara erasoak paira ditzakegula”. Alde horretatik, nabarmendu du erasotzaileek egon beharko luketela fokuan, eta ez emakumezkoek.
Gasteizko mugimendu feministak gaur goizean aurkeztu du jaietarako protokolo feminista. Gogorarazi dute hiri osoko erasoen kasuan garatzeko protokoloa dela, eta ildo nagusien berri eman dute: eraso egin dioten pertsonarengana gerturatu eta laguntza eskaintzea, erasoa zehaztea eta ezbaian ez jartzea, gertatutakoa dagokion pertsonari jakinaraztea, erasotzaileari jai eremutik ateratzeko eskatzea.
Eraso sexista larria denean, larrialdietarako telefonora deitzea aholkatu dute (112), baita Gasteizko mugimendu feministak laguntza eta babesa emateko prestatu duen telefonora ere (688-85 29 01).