Mendizorrotza, Gamarra, Aldabe, Lakua, Judimendi... Gasteizko udal igerilekuak eta bestelako kirol azpiegitura publikoak itxita egongo dira aste batez, kirol jardueretako langileen greba dela eta. 2015ean amaitu zen haien jarduera arautzen duen Arabako hitzarmena, eta itun berria negoziatzeko eskatu diote patronalari.
Grebak oihartzun zabala izan du udal kirol azpiegituretan, baita Zadorrako urtegiko bainurako eremuetan ere: Landan eta Garaion. Sorosleak, kirol ekintzetako begiraleak, azpiegituretako langileak... Langile faltaren aurrean azpiegitura batzuk guztiz itxi zituzten atzo, baita gaur ere.
Langileek gogorarazi dute zenbait langilek 6,22 euro kobratzen dutela ordua: 786 euro hilean, lanaldi osoa izanda. Halaber, gogorarazi dute horietako batzuek, sorosleek adibidez, asteko egun guztietan egiten dutela lan. Begiraleen soldata %1 eta sorosleena %7 igotzeko eskatu diote patronalari; Disport Eki eta Eiteko enpresek ez dute onartu.
Greba uztailaren 31ra arte bada ere, hura luzatzeko aukeraz ohartarazi dute langileek. Bitartean, egunero udalaren aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, 12:00etan.