Politika

Gasteizko Udalak 1.200 euroko diru laguntza itzultzeko eskatu dio Judimendiko auzo elkarteari

Ekaineko aldizkarian "terrorismoaren biktimentzako iraingarria den artikulu bat" argitaratzeagatik, jasotako diru laguntzaren zati bat itzuli beharko du elkarteak.

Lau euskal presoren argazkiak Judimendi auzoko 2017ko jaietan. DAVID AGUILAR, EFE
2018ko irailaren 24a
14:06
Entzun

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak Judimendiko auzo elkartea zigortzea erabaki du: 1.243,83 euroko isuna ezarri dio, elkartearen aldizkarian "terrorismoaren biktimentzako iraingarria den artikulu bat" argitaratzeagatik. Era horretan, elkarteak udaletik jaso zuen diru laguntzaren zati bati itzuli beharko du, udalak azaldu duenez, ez dituelako bete diru laguntza horrek zehaztu zituen helburuak.

Udalaren erabakiak erreferentzia egiten dio Judimendi Auzo Elkartearen ekaineko aldizkarian argitaratu zen Argazki baten atzean... izeneko artikuluari. Ale horretan, elkarteak artikulu bana eskaini zien auzoko hiru euskal presori, eta aipatutako artikulua Diego Ugarteri buruzkoa zen. Ugarte 2005ean kondenatu zuten, Fernando Buesa PSE-EEko legebiltzarkide ohia hiltzea leporatuta. Artikuluak Ugarteren bizimoduari buruzko hainbat xehetasun kontatzen ditu.

Udalak bi pasarte nabarmendu ditu isunaren berri emateko bidali duen oharrean: "Auzoan jaio, bizi eta ikasitakoa dugu Diego, edozein saltsa zein txokotan topatu erraza genuena" eta "Filologia Ingelesa ikasi, eta horretan lan egin zuen, baina horrek ez zuen borrokatik baztertu, eta, gauzak horrela, 2000. urtean alde egin behar izan zuen guretik". Udalaren esanetan, nabarmentzekoa da 2000. urtean hil zituztela Fernando Buesa eta Jorge Díez haren bizkartzaina, baina hori ez dela artikuluan aipatzen. "Inork ez du artikulua sinatzen", gaineratu du.

Artikulua terrorismoaren biktimentzako iraingarria dela ebatzi du udalak, eta, beraz, diru laguntzaren zati bat itzultzeko eskatu dio auzo elkarteari.

Diru laguntza itzultzeko prozedura ekainaren 22an abiatu zuen udalak, Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinezen proposamenez. Auzo elkarteak alegazioak aurkeztu zizkion erabaki horri. Elkarteak nabarmendu du aldizkariaren banaketa eten zuela, eta "berehala" ezabatu zuela artikulua edizio digitalean. Horrez gain, azaldu du minduta sentitu ziren pertsona eta biktima elkarteei barkamena eskatu ziela; bai jendaurrean, baita era pribatuan ere. Auzo elkarteak udalari eskatu zion ez ziezaiola eska diru laguntza osorik itzultzeko, horrek auzorako zituen gainerako proiektuak kolokan jarriko lituzkeelako. Gasteizko Udalak aintzat hartu du eskari hori, eta ekainean kaleratutako aldizkariaren kostua itzultzeko eskatu dio, gainerako diru laguntzen kasuan helburua bete duela aitortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.