Aurrera doa Gasteizko Errekaleor auzoa eraisteko eta hango 150 biztanleak kanporatzeko proiektua, eta, asmo horren kontra, esparru ugaritako 140 lagunek manifestu bat sinatu zuten duela hiru aste. Horien izenean, Errekaleor eraistearen aurkako mozio bat aurkeztu dute Gasteizko Udalean Iban Zaldua idazleak eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak.
Urgellek adierazi du Errekaleorreko proiektuak "hunkitu" egiten duela, "erakusten duelako badagoela jendea egunero lan egiteko prest mundu hobe baten alde". Eskatu du aukera bat emateko auzoari: "Agian frogatzen du utopia posible dela". Nabarmendu duenez, biztanleek "beren bizi proiektua ezarri dute, eta degradatuta zegoen auzo bat txukundu". Gainera, salatu du iritzi publikoa Errekaleorreko biztanleen aurka jarri nahi izan dela.
Udalak baztertu egin du mozioa, EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatuta. Aldeko botoa eman dute EH BIlduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik. EAJko bozeramaile Itziar Gonzalok segurtasuna aipatu du auzoa eraisteko argudio gisa, eta biztanleei egotzi die "gizarteari ordainik ez ematea". Estibaliz Canto PSEko zinegotziak, berriz, leporatu die kokaleku horretan "endrokatuta" egotea, eta azaldu du bere alderdia ez dagoela "proiektu autogestionatuen aurka, inolako arautzerik ez egotearen aurka" baizik. PPko Miguel Garnikak Gorka Urtaran alkatea kritikatu du, Errekaleorreko biztanleei "zilegitasuna" eman dielakoan haiekin bilduta.
EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek Errekaleorren alde egin du, eta zalantzan jarri ditu segurtasunari buruzko txostenak, argudiatuta "txosten horietako zati batzuei egitate kategoria" eman zaiela. Juan Cerezuela Ahal Dugu-ko zinegotziak, berriz, eskatu du jarrera "zentzudunak" hartzeko, eta erantsi auzoa "Espainiarentzat eta Europarentzat eredugarria" dela. Oscar Fernandez Irabaziko bozeramaileak galdegin du "zuhurtasunez" jokatzea, eta gaineratu nahiago duela "auzo bizia auzo eraitsia baino".