Gasteizko Udalak, PPren eta EAJren botoekin, Arabako fracking egitasmoari buruzko bost urteko moratoria eskatu du gaur, gauzak hobeto aztertzeko asmoz. Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira.
Udalak uste du gas natural ez-konbentzionala erauzteko proiektuak ingurumenari kalte egingo liokeela, paisaian eragin "basatia" lukeela eta gaur egun erabiltzen den teknologiak ez duela ziurtasunik ematen.
Maiatzaren 8an Javier Maroto alkateak jakinarazi zuen fracking zundaketak egiteko lizentzia ukatu egin ziola Eusko Jaurlaritzari. Udalaren arabera, jaso dituzten agirietan ez da bermatzen eragingo diren kalteak "onargarriak" direnik. Bestalde, argibide zehatzagoak eskatu ditu erabiliko lituzketen lehergailu eta osagai kimikoen inguruan, baita teknika hori erabiltzeak herritarren osasunean nahiz uraren kalitatean izango duen eraginari buruz ere. Hilabete eman zion Jaurlaritzari agiriak osatzeko.