Sute bat piztu zen atzo Gardelegiko zabortegian, Gasteizen. Aste honetan piztu den bigarren sutea izan da, eta Gasteizko Udalak suteak nahita piztutakoak izan diren aztertuko du. Izan ere, udaleko iturriek adierazi dutenez, bi suteak «oso antzekoak, denboran oso jarraituak eta kointzidentzia handikoak» izan dira.
Gardelegi 93 hektarea dituen zabortegi bat da, eta Gasteizko Mendietako paraje naturaletik gertu dago. Lehenengo sutea joan den ekainaren 28an piztu zen, 12:30 inguruan, eta ke adar beltz luze bat sortu zuen. Atzokoa, aldiz, 20:00ak aldera piztu eta 23:30 inguruan itzaltzea lortu zuten.
Atzoko sutearen aurrean, Eguzki talde ekologistak «hondakinen politika osoa berrikusi behar dela» eta horien kudeaketan «informazioa, gardentasuna eta erantzukizuna» eskaini behar direla berretsi du, eta «sute horien aurrean gardentasuna» eskatu dute.
Ohartarazi dutenez, hondakinen aire zabaleko sua «oso negatiboa» da «osasunerako arriskutsuak diren kutsatzaileen emisioengatik, hala nola dioxina eta furanoengatik eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoengatik», eta hondakinak eta plastikoak erretzeak «arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sortzea» eragin dezakeela: «Kea eta lurrun toxikoak sortzeaz gain, airearen kalitateari larriki kalte egiten diote, eta instalazioekin muga egiten duten eremuko lurrean (Gasteiz barne), uretan eta biztanleguneetan sedimentatuko duten partikulak garraiatzen dituzte».
Era berean, Eguzkik galdegin du suteak ikertzeko eta «herritarren segurtasun eta osasunerako beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzeko».