Zabalgana auzoko hiru bizilaguni isuna jarri die Gasteizko Udalak, ikurrin bat jartzeagatik; ehun euroko isuna jarri dio bakoitzari. Alea-k jakinarazi duenez, hiru lagun horiek ikurrin bat jarri zuten Zabalgane auzoan apirilaren 1ean, Aberri Egunaren atarian, eta identifikatu egin zituen Udaltzaingoak.
Orain, mozal legea aplikatuta, ehun euroko zigorra ezarri diote bakoitzari. «Erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak hondatzea» egotzi diete.
Alea-k zigortuetako batekin hitz egin du, eta hark azaldu du gertatutakoa. Apirilaren 1ean, goizean, ikurrin bat jarri zuten Zabalganeko Buradon Gatzaga parkeko kale argi batean, eskailera baten laguntzaz. Dei anonimo batek abisua eman zien udaltzainei, eta berehala agertu ziren bi patruila ikurrina jarri zutenak identifikatzera.
Lekukoaren arabera, udaltzain batek esan zion «horrelako ikur bat ofentsa bat eta arriskutsua izan zitekeela oinezkoentzat». Ez zekiten ikurrin bat jartzeak zigorra izan zezakeenik, eta azpimarratu du haiek jarritako ikurrinak hilabete eta erdi baino gehiago iraun duela parkean.
Pintaketa
Hilabete geroago heldu zaie albistea: hiru identifikatuek 100 euroko isuna ordaindu beharko dute, bakoitzak berea. Izan ere, ikurrina jartzeaz gain, Euskal Herria Batera mezuarekin pintaketa bat egitea ere leporatu nahi izan diete udaltzainek. Ebazpenak aipatzen duenez, hiru bizilagunak miatu eta gero, Udaltzaingoak «pintura hondarrak» zituen bihurkin bat konfiskatu zien.
Isuna jaso duten lagunen arabera, lehendik zegoen pintaketa hori han. Jakinarazi dute hirurek uko egingo diotela ordainketa aurreratuari, eta helegiteak jarriko dituztela.