Gastu soziala jaitsita AHTrako dirua ugaritu dela salatu dute

Elkarretaratzea egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzak 380 milioi euro emango baititu 2012an trena egiteko

Hiru gizonek pixoihala jantzita egin zuten protesta gizarte zerbitzuetako murrizketen aurka. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hainbat eragile sozialek salatu dute gastu sozialak murrizten ari direla eta AHT abiadura handiko trena egiteko aurrekontuak gora egin duela. 2012. urterako Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuan AHTa egiteko diru kopurua %27 hazi dela baina, aldi berean, hezkuntzarako, osasungintzarako eta gizarte zerbitzuetarako dirua murriztu dutela ohartarazi dute elkarteek: «Dirurik ez dago, antza, ezertarako; AHTrako izan ezik».

Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren atarian. Besteak beste, AHT Gelditu mugimenduak, Berri-Otxoak, EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Ezkerraldeko Langabeen Asanbladak deitu zuten elkarretaratzera. Pixoihala zeramatela egin zuten protesta; izan ere, Euskal Y-ak pixoihaletan uzten gaitu zioen protestaren leloetako batek.

Hainbat datu aurrez aurre jarri zituzten; urtebetean 380 milioi euro emango ditu Eusko Jaurlaritzak AHTa eraikitzeko; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 144.974 pertsona daude langabezian; pentsiodunen %57 pobreziaren mugaren azpitik daude, eta egunean zazpi familia kaleratzen dituzte etxetik arazo ekonomikoak direla medio. Azpiegitura hori «zentzugabea» dela eta defizita eragingo duela kritikatu zuten.

AHTak sortutako lanpostuen baldintzak ere auzitan jarri zituzten protestan, eta gogora ekarri zituzten lanetan orain arte hildako bost beharginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.