Gatazka armatua konpontzea eta "subiranotasunaren aldeko borroka" dira ELAren lehentasunak

"Autodeterminazioaren aldeko poloa" osatzea beharrezkoa dela deritzo sindikatuak gaur plazaratu duen agiri poliltikoak. German Kortabarriak idazkari nagusiaren alboko izateari utzi dio, eta Adolfo Muñoz izendatu dute haren ordezko. ELAren Nazio Batzordearen %88,8ren babesa jaso du Muñozek.

2007ko ekainaren 19a
19:09
Entzun
ELAren Nazio Batzordeak batzarra egin du gaur Bilbon, Euskalduna Jauregian -kongresu arteko organu gorena da-, eta, bertan onartutako ebazpenak jasotzen duenez, "gatazka armatua konpontzea", "subiranotasunaren aldeko borroka" eta "autodeterminazioaren aldeko poloa" osatzea dira sindikatuaren "lehentasunak" arlo politikoan.

German Kortabarriak aurkeztu ebazpena eta, hain zuzen, gaur bertan utzi du hark ELAren zuzendaritza (Jose Elorrieta idazkari nagusiaren albokoa izan da urteetan). Nazio Batzordeak haren ordezkoa Adolfo Muñoz izatea onartu du.

ELAren ustez, ETAren "borroka armatua bukatzea premiazkoa eta ezinbestekoa" da, eta abertzaleen arteko lankidetza lortzeko eztabaida hori eman egin behar dela uste du. ETAk su-etena haustea "oker larria" dela iritzi dio sindikatuak. "Subiranotasun kausak lor ditzakeen eduki politikoak ez dira bortizkeria amaitzearen truke [Espainiako] estatuak eman edo aitor ditzakeenak izango".

"Subiranotasunaren aldeko borrokan" LABekin akordioa egitea beharrezkoa dela deritzo ELAk; "abertzaleentzat eta aurrerakoientzat hori litzateke albisterik onena". Autodeterminazioa "aldarrikapen estrategikoa" dela dio, eta hori lortzeko ahaleginak "zibila eta demokratikoa" izan behar duela.

Arlo sozio-laboralaz, berriz, sindikatuak ebazpenean esaten du "elkarrizketa soziala edukiz hustua" izan dela, "konpromisorik gabekoa izan baita", eta "politikak bere erantzukizun sozialari itzuri" egin diola.

ELAren Batzorde Eragile berria

ELAren Nazio Batzordearen proposamenez, Batzorde Eragile berriaren bozketa egin dute gaur Bilbon, eta aldeko bozkak %88,8 izan dira. 196 partaide egon dira. Batzorde Eragile berriko osaketa honela geratzen da:

Idazkari nagusia. Jose Elorrieta Aurrekoetxea.

Idazkari nagusiaren albokoa. Adolfo Muñoz Sanz.

Diruzaina. Amaia Muñoa Capron-Manieux.

Komunikazioa. Patxi Agirrezabala Mundiñano.

Atalak. Alazne Alonso Izurza.

Nazioarteko harremanak. Laura Gonzalez Txabarri Etxaniz.

Afiliazioa eta hauteskunde sindikalak. Txema Laiseka Biguri.

Nafarroako koordinazioa. Mitxel Lakuntza Vicario.

Gizarte politika. Mikel Noval Fernandez.

Prestakuntza eta zerbitzu juridikoak. Leire Txakartegi Iramategi.

Antolakuntza. Eustakio Uranga Apeztegia.

Negoziazio kolektiboa. Joseba Villarreal Olaizola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.