Politika

Gatazka "elkarrizketa eta negoziazioaren bidez" konpontzeko deia egin du Otegik espetxetik ateratzean

Goizeko zazpiak eta hogei inguruan utzi dute libre, 15 hilabete kartzelan egin ostean. Ehun bat lagun zituen espetxe atarian zain, eta txaloka hartu dute. Espetxeratu zutenean bezala gatazkak konpondu gabe segitzen duela eta aterabide bat emateko premia nabarmendu du. Kartzelan geratu diren gainerako euskal presoak gogoan izan ditu.

2008ko abuztuaren 30a
16:30
Entzun
Goizeko zazpiak eta hogei inguru ziren Arnaldo Otegi Donostiako Martuteneko kartzelako atea gurutzatu duenean. Gurasoak, emaztea, seme bat eta Jone Goirizelaia abokatua zituen alboan. Irribarretsu atera da 15 hilabete espetxean egin ondoren, eta irribarretsu agurtu ditu kanpoan harrera egiteko zain zituen ehun bat lagun.

Baina senitarteko eta lagunak agurtzeaz gain, politikaz ere mintzatu da kartzela atarian bildutako kazetari ugariekin. Elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko deia egin du espetxetik irten bezain laster. "Duela 15 hilabete espetxean sartu ninduten, espetxe honetara ekarri ninduten. Duela 15 urte, duela urte asko hasita, konpondu gabeko sakoneko arazoa zegoen herri honetan, eta arazo horrek egiazko arazo izaten jarraitzen du; konpondu ez den arazo bat. Nik pertsonalki uste dut arazo hori elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez soilik konponduko dela", esan du.

Areago, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatu behar dela iritzi dio, eta euskal preso guztiak askatzea lortu behar dela: "Elkarrizketa eta negoziazioaren bidez herri honek ezagutu behar du bake eta demokrazia eszenatokia, bere etorkizuna erabakitzen utziko diona. Halaber, prozesu horren barruan euskal preso guztiak askatu behar dira". Hain zuzen ere, barruan geratu diren presoei eta haien senideei elkartasuna adierazi die.

Kanpoan Otegiri harrera egiteko bildu direnen artean zeuden, besteak beste, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia, Tasio Erkizia eta Arantza Urkaregi ezker abertzaleko kide ezagunak eta Fermin Muguruza kantaria.

Otegi iazko ekainaren 8an espetxeratu zuten, Jose Migel Beñaran Ordeñana Argala- ETAko buruzagi zenari -indar parapolizialek hil zuten autoan bonba leherrarazita, 1987an- egindako omenaldi batean "terrorismoa goratu" zuelakoan ezarritako 15 hilabeteko espetxe zigorra betetzeko. Orain aske geratu diren arren, beste lau prozesutan dago auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.