Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa

Gatazka gainditzeko mahaia hurrengo Aberri Egunerako eratzea hartu du helburu Hitzarmenerako Mahaiak

‘Oinarrizko Hitzarmen Demokratikotik haratago’ izeneko agiria aurkeztu du Hitzarmenerako Mahaiak, Bilbon, Euskalduna Jauregian, euskal gizartearen ordezkaritza zabalaren aurrean. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaileek egin duten gogoetaren ondorio da agiri hori, eta etor daitekeen konponbide prozesuan non kokatuko diren finkatu nahi izan dute. Helburu zehatzak hartu dituzte: 2006ko Aberri Egunerako eratu nahi dute gatazka gainditzeko mahaia.

2005eko abenduaren 17a
19:26
Entzun
700 bat lagunen aurrean —gizarte eragileak, eragile politikoak eta sindikalak zein Euskal Herriko hainbat esparrutan ezagunak diren pertsonak— aurkeztu du Martin Aranburu Hitzarmenerako Mahaiaren ordezkariak Oinarrizko Hitzarmen Demokratikotik haratago agiria.

OHD Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaileek egindako barne gogoetaren emaitza da idatzi hori, eta etor daitekeen bake prozesuan non kokatuko diren finkatu nahi izan dute.

Duela bi urte abiatu zen OHDren ibilbidea, eta orduan Euskal Herrian elkarrizketa mahaia eratu behar zela aldarrikatu zuten. Gaur aurkeztu duten agiria nabarmentzen denez, egun “inork gutxik” jartzen du zalantzan mahai hori beharrezkoa dela, eta, beraz, “lorpentzat” jo dute. Ildo beretik, OHD hainbat eragilek sinatu izana dela “ekarpen esanguratsuena” iritzi diote, eta gatazka politikoaren irtenbiderako lehen urratsa egin dela. Finean, “gatazka konpontzeko mahaia osatzeko atarian” egon daitekeela nabarmendu dute Oinarrizko Hitzarmen Demokratikotik haratago agirian.

Ondorioz, eta Hitzarmenerako Mahaiaren orain arteko ibilbidea urratsez urrats eta epeka egin dela aintzat hartuta, helburu zehatz bat hartu dute datozen hilabeteetarako: hurrengo Aberri Egunerako gatazka gainditzeko mahaia eratzea Euskal Herrian. Hain justu, mahai hori osatzeko abiapuntua Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa bera dela uste dute, “hitzarmen horren inguruan bildu izan baitira adostasunik handienak eta zabalenak Euskal Herriko lurralde guztietan”. Dena den, Hitzarmenerako Mahaiak onartu du itun hori gehiago zabaltzeko ahalegina egin behar dela eta eragile gehiago lotu beharzaizkiela printzipio, metodo eta ibilbide horiei.

Hori dela eta, zortzi printzipio ezarri dituzte konponbiderako mahaia eraiki ahal izateko: hala nola, mahai irekia izatea, guztien artean eratutakoa, euskal herritar guztiak aintzat hartzea, Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan izatea, euskal herritar guztien eskubideak defendatzea, azken hitza euskal herriar guztiei ematea, Euskal Herriaren aniztasuna kontuan izatea eta nazioarteko begiraleen lana beharrezkotzat hartzea.

Sinatzaile gehiago

Nolanahi ere, gaurko ekitaldia ez da mugatu agiriaren aurkezpenera. Horrez gain, Bilgune Feministak OHDri buruzko bere hausnarketa plazaratu du, eta Europako Parlamentuan sortu den Babes Taldearen izenean Tatjana Zdanoka eurodiputatuak beren konpromisoaren berri eman du.

Era berean, zenbait eragile gehiagok OHD sinatu dute gaurko ekitaldian, besteak beste, Kontseiluak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, AEK-k, Gazte Abertzaleek, Euskal Herriko Komunistek, Emakume Internazionalistek, Komite Internazionalistak eta Ipar Euskal Herrian langabeziaren aurka aritzen den AC taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.