Euskal Herriko gatazka

Gatazka konponbidean jartzeko oinarrizko hitzarmena adostu dute 30 eragilek

Nazio Eztabaidagunetik abiatutako Konponbidea Sustatzeko Batzordeak bultzatuta, Euskal Herriko gatazka konponbidean jartzeko hitzarmena adostu dute 30 alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduk. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa izendatu dute proposamena, eta "Euskal Herri osoan, herritari guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetzea" du muina. Besteak beste, euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek, eta EAJ ezik gainerako alderdi abertzale guztiek sinatu dute.

2005eko martxoaren 5a
16:22
Entzun
Bilboko hotel batean egin da izenpetze ekitaldia, eta 29 gizarte eragileetako ordezkariek, KSB Konponbidea Sustatzeko Batzordeko kideek eta nazioarteko begiraleek parte hartu dute.

Agertu dutenez, honako esaldian laburbildu dute Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren muina: "Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan". Hain zuzen ere, ideia horrekin etorri dira bat izenpetzaile guztiak, eta, era berean, funts horren aurrekari den hitzaurrearekin.

Hitzaurrean, Euskal Herria berezko nortasuna den herria dela esaten da, eta egun hiru eremu juridiko-politikotan banatuta egonagatik, zazpi probintziek osatzen dutela. "Herri anitza" dela aitortzen da, eta horregatik "askotarikoak" direla nazio identitateak sentitzeko erak. Nolanahi ere, Euskal Herria Espainiako eta Frantziako estatuekin izaera politikoa duen gatazka politikoan murgilduta dagoela esaten da, gatazka horrek konponbide politikoa behar duela, eta gatazka gainditzeko bidea "bazterketarik gabeko elkarrizketa eta negoziazio politikoa" direla, "Euskal Herria ulertzeko dauden sentsibilitate politiko ezberdinak" aintzat hartuta. Ildo horretatik, "irabazlerik eta galtzailerik gabeko prozesua" izan behar duela nabarmendu dute, eta herritar guztien giza eskubideak bermatu behar dituela.

Alderdietako buruzagiak sinatzaile

Alderdien artean, AB, Aralar, ANV, Batasuna eta Zutik izan dira Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu dutenak, eta alderdi horietako buruzagi nagusiek parte hartu dute izenpetze ekitaldian; hala nola, ABko Mertxe Colinak, Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak, ANVko Kepa Bereziartuak, Batasuneko mahaikide Arnaldo Otegik, EAko presidente Begoña Erraztik eta Zutikeko buru Joxe Iriarte 'Bikilak'.

Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak eta Rafa Diez LABekoak ere parte hartu dute ekitaldian. EHNE, EILAS, ELB, ESK eta Hiru dira ekimenarekin bat egin duten beste sindikatuak.

Gizarte mugimenduen artean, berriz, honakoek sinatu dute: ABK-k, Anai Arteak, Askatasunak, Bai Euskal Herriari-k, Bilgune Feministak, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, Etxerat-ek, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Herria 2000 Elizak,Matalasek, TAT Torturaren Aurkako Taldeak, Torturaren Behatokiak, Iheslarien Kolektiboak, Segik, Duinak eta Askapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.