Osakidetzako medikuen pareko soldatak nahi dituzte auzi medikuek, eta halaxe eskatu izan diote Jaurlaritzako Juztizia Sailari urteetan. Iaz greba ere egin zuten Euskalplataformak deituta, eta, horren karietara, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen Jaurlaritzari exijituz auzi medikuen eskaerak bete eta gatazkari amaiera emateko.
Euskalplataformak gaur gogora ekarri du eskaera hori sinatu zuela Miren Gallastegi legebiltzarkideak, gaur egun Justiziako sailburuordea denak. Hauteskunde kanpainan ere gatazkarekin interesatuta agertu zen Gallastegi, plataformak gogora ekarri duenez. Orain, eskumena berea denean, gatazka konpontzeko eskatu diote.
Izan ere, Jaurlaritza berria osatu zenetik "hitz onak" entzun dituzte, baina auzi medikuen ustez "luzamenduetan" dabil PSE-EE. Maiatzaren 29an egin zuten azken bilera, eta, hura negoziazio mahaia izatea espero zuten arren, ez zen halakorik izan.
Gallastegik "hauteskunde kanpainarako" eta argazkian ateratzeko interesagatik besterik ez zituela babestu pentsatzera iritsi dira, ez baitute ulertzen "hain foko argia eta konponbide erraza" duen auzia luzatzen ibiltzea.
Dagokiena eskatzen dutela sinetsita, ez dute baztertzen atazka konpontzen ez bada uda ostean mobilizazioak egitea.