laSexta Espainiako telebista kateko Salvados saio ezaguneko aurkezle Jordi Evole Euskal Herrian izan zen urriaren hirugarren astean, egoera politikoaz erreportajea egiten, eta, besteak beste, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Imanol Murua Uria kazetaria eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea elkarrizketatu zituzten. Bart eman dute horri buruzko Salvados, eta BERRIA.INFOk zati batzuk jaso eta bideo bat osatu du.
Egiguren baikor mintzatu da, gatazkaren bukaeraren "argia" ikusten duelako. "Euskal legealdi honetan bukatuko da [ETAren] indarkeria", eta hori ETAk berak erabakiko duelako izango da, hark dioenez. "Hemen ez dago besterik, ez da beste prozesurik izango. Abenduan hitz egingo dugu; orduan emango du ETAk su-eten egiaztagarria, ezker abertzaleak alderdia sortzeko estatutuak aurkeztuko ditu...".
Aurreko bake prozesuaren ondoren ezker abertzalean izandako eztabaida erabakigarria izan da horra iristeko, Egigurenek iritzi dionez. "Lurrikara gertatzen ari da han, eta Batasunak erabakita du politika baino ez egitea. Barne eztabaidaren ondoren Batasunak agintzen du eta ez ETAk".
Bakea lortzen denetik aurrera, "Euskadin bizikidetza lortzea nolabait errazago izango da".
Otamendirekin Donostiako Parte Zaharrean, Murua Uriarekin Loiolan
Otamendirekin Donostiako Parte Zaharreko jatetxe batean izan zen Evole, Gorka Landaburu Aldaketa 16 aldizkariko kazetaria lagun zutela. Otamendik kontatu du "indarkeria guztiek desagertuta" behar luketela eta bera torturatu egin zutela Egunkaria-ren aurkako operazioan.
Murua Uriarekin, berriz, Loiola Azpeitiko auzoan izan zen laSextako kazetaria. 2006ko udazkenean PSE, Batasuna eta EAJ jesuiten Arrupe Etxean aritu ziren negoziatzen Loiolan, eta Murua Uriak horri buruzko liburua argitaratu zuen aurtengo martxon: Loiolako hegiak -uztailean gaztelerazko bertsioa atera zuen-. Liburuan dioena kontatu du laSextako saioan.
Arrupe Etxeko negoziazio mahaia-eta atera dituzte Salvados-en. BERRIA.INFO han izan zen martxoan, Murua Uriarekin batera.
poliTIKA
Gatazka politikoa hizpide
laSextako 'Salvados' saioak Martxelo Otamendi, Imanol Murua Uria edota Jesus Egigureni Euskal Herriko egoeraz egindako elkarrizketak eman ditu bart. BERRIAk lehen bien zatiak jaso ditu bideo honetan. Egiguren: "Euskal legealdi honetan bukatuko da ETAren indarkeria. Abenduan emango du su-eten egiaztagarria". "Batasunak agintzen du eta ez ETAk".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu