Eusko Legebiltzarreko beste taldeekin hitzarmenak egiteko negoziazioetan, gatazkaren konponbidea, erabaki eskubidea, lurraldetasuna, "ekonomia soziala", enplegu plana edota eredu instituzionala izango dira EH Bilduren oinarrietakoak, koalizioak gaur jakinarazi duenez. 44 neurri proposatu ditu.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak eman du horien berri Bilbon, prentsaurreko batean. Harekin izan dira Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea), Juanjo Agirrezabala (EA), Rebeka Ubera (Aralar) eta Oskar Matute (Alternatiba) eusko legebiltzarkideak izango direnak.
Datorren asteartean EAJrekin batzartuko direla esan du Mintegik —EAJ PSErekin ere bilduko da egun berean—. Beste taldeekin datozen asteetan biltzen saiatuko dira, denekin ere akordioak lortzeko asmoz. EH Bilduk, haren esanetan, edukiari emango dio garrantzia, eta ez zeinekin egingo lukeen ituna,
Honatx koalizioaren oinarriak:
"1. Gatazkaren konponbidea
EH Bilduk edonolako akordiorako gatazkaren konponbidearen alorrean ondoreneko konpromiso zehatzak beharrezkotzat hartzen ditu.
• Gatazkaren ondorio diren salbuespenezko legediarekin amaitze bidean Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa.
• Euskal Preso politikoen euskal herriratze eta etxeratzearen aldeko dinamika indartuko duen jarduera edo plan berezia. Baita espetxe politikan eskuduntza gauzatzeko konpromisoa.
• Biktima guztien inguruko irakurketa eta lanketa integrala helburu duen dinamikak bultzatzea, Egiaren Batzordea bezalako ekimenak babestuz.
• Gatazkaren ondorioen konponbidearen baitan kokaturik, Ertzaintzaren eredu zibil eta gardena bultzatu. Baita polizia eredu berri baterako erabaki irmoa.
• Normalizazio eta gatazka politikoaren konponbideari begira alderdien arteko elkarrizketa politiko prozesu bat bultzatzeko konpromisoa.
2. Aitortza, erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna
• EH Bilduk erabakiortzat hartzen du gure herriaren, Euskal Herriaren, aitortza eta erabakitze eskubidearen onarpena bilatzeko eta eskuratzeko konpromisoa.
• Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin harreman eta elkarlan instituzional, politiko, ekonomiko eta sozialak sakontzeko konpromisoa.
3. Egoera ekonomiko larriaren aurrean
3.1. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mixtoan Estatuarekin negoziatzeko bertako instituzioen artean honoko gaien inguruko adostasuna bilatzeko konpromisoa:
• Finantzen Euskal Kontseilua-ren Estabilitate Legearen alde bakarreko berrikuspen propioa ekarriko duen akordioa erdiesteko konpromisoa. Helburua noski politika publikoa garatzeko aukera emango digun malgutasun ekonomiko eta finantzieroa lortzea izango zen.
• Kupoaren inguruan ere, Aldundi eta Jaurlaritzaren arteko akordio erabaki propioa bultzatzeko konpromisoa, Estatu espainoleko zor publikoaren igoeraren ondorioz eman den igoera eta estatuko indar armatuen aurrekontua ordaintzeko dagokigun zatia deskontatzeko.
• BEZa bertako instituzioek arautu-kudeatu dezaten estatuarekin negoziaketa prozesua abiatzeko konpromisoa.
• Kontzertu ekonomikoa, Nafarroako Komenioarekin batera, bernegoziatzeko konpromisoa bai lehen aipatutako BEZ edo zeharkako zergen inguruko aldarrikapena eramateko zein ECOFINen parte hartzeko eskubidearen inguruko aldarrikapena.
3.2. Batzar Nagusiekin batera eta elkarlanean, Erreforma fiskal sendo eta zabal bat egiteko konpromisoa (PFEZ, Sozietateen gaineko zerga, Aberastasun handien gaineko zergan) progresibitate oinarri eta zerbitzu eta politika publikoa bermatu ahal izateko ere sarrera nahikoak erakarriko dituena. Erreforma horren helburu nagusietako bat oro har kapital errentek egun duten status pribilegiatuarekin amaitzea izan beharko luke.
3.3. Iruzur fiskalerako neurri zehatzak barne bilduko dituen instituzioen arteko plan oso bat egiteko konpromisoa.
3.4. Kutxabank bertako ekonomian eragiten eta laguntzen jarraitu dezan pribatizazioaren asmo guztiei uko egitea, horretarako aldatu behar diren legeak aldatuz, besteak beste, Kutxen Legea.
3.5. Gastu sozialean murrizketarik ez egiteko konpromisoa eta ondorioz osasungintzan, hezkuntzan eta politika sozialetan, diru sarrerak bermatzeko errentan esaterako, aurreko legealdian eman diren murrizketak berrikusteko konpromisoarekin batera.
3.6. AHTren kasuan eta aipatzen ari garen egoera ekonomiko larria ikusirik (besteak beste) berehalako moratoria aplikatzea, berau finantzatzeko aurreikusitako dirutza bestelako norabide batean jarri ahal izateko.
3.7. Etxe kaleratzeak eten, eta Etxebidek Kutxabank eta bestelako bankuekin adostuz alokairu sozialetan oinarritutako irtenbideak bilatzeko konpromisoa.
3.8. Krisiari aurre egin eta gure ekonomia eraberritu eta enplegua sortzeko plan integrala. Helburuak:
• Ekonomia errealaren aniztasuna, berrikuntza eta bultzada.
• Honen ondorioz enplegu duinaren sorrerari bide ematea.
• Zerbitzu sozial eta sektore publikoa indartzea
• Ingurumenaren zeharkakotasuna eta lehentasuna garapen ereduan txertatzea.
Ondorioz, elkartasuna oinarri, ekonomia sozial baten aldeko apustua egitea pertsonen neurrira eta ekologikoki sostengarria izango dena.
Ardatzak:
• Elikadura burujabetza helburu, lehen sektorearen izaera estrategikoa aitortu eta beronen indarketa
• Kooperatiba eta enpresa txikien maila teknologikoa igotzea
• Zainketa ekonomiaren garrantziaz jabetuz alor honetako zerbitzu publikoen bultzada
• Euskal esparru laborala helburu, norabide horretan urratsak ematea (Adib. Lan hitzarmenen ultra aktibitatea bermatzeko negoziaketarako marko propioa...)
• Enplegu duinaren sorrera eta lan banaketa lehenetsiko dituzten politka eta neurriak ahalbideratzea (Oinarrizko soldata, lan orduak, prekaritatea...).
• Eskualdeen arteko oreka eta garapena bilatzea.
• Harreman justu eta bidezkoak helburu, kanpo merkataritza bultzatzea.
• Eredu energetikoaren aldaketa gauzatzeko neurriak ezartzea, energia berriztagarrien aldeko apustua bultzatuz eta frackinga alboratuz.
• Helburu soziala duen ikerketa, berrikuntza eta garapen zientifikoa publikoki bultzatzea eta erabilgarria ekimen guztietan bermatzea, berdintasunean.
• Deslokalizazioaren aurkako konpromiso zehatzak hausnartu eta martxan jarri.
4. Aukera berdintasuna eta parekidetasuna
• Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate bihurtuko duen gobernabilitate eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin eztabaida bat burutzeko konpromisoa, ikuspegi feminista politika publiko guztietan era eraginkorrean txertatuko duena, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak eskuratuz.
• Parte hartze eta koordinazio mekanismoak eraldatzeko konpromisoa, demokratizazio instituzional maila handituz eta politika publikoetan emakumeen parte hartzea handituz.
• Pertsonen zaintza ardura sozial eta publiko bilakatu: Zaintzarako politika publiko, unibertsal eta kalitatezko baten aldeko apustua.
• Lan produktibo eta erreproduktiboa banatzeko helburuarekin gizon zein emakumeen lan orduen murrizketa (soldataren jeitsierarik gabe).
5. Hezkuntza eta hizkuntza
Honakoak dira atal honetan ezinbestekotzat hartzen ditugun abiapuntuak:
• Hezkuntza eredu publiko propio eta berriaren aldeko konpromisoa, horretarako jada hezkuntza eragileekin batera hausnarketa bati ekinez.
• Hezkuntzaren alorrean ume guztiak euskaldun eleanitzak izateko aukera bermatuko duen eredu bakarra martxan jartzea.
• Hizkuntzaren alorrean, azken urteetako balantze gordina onartuz hizkuntza politiko berri baten aldeko apustu eraberritu bat egitea, besteak beste, euskararen aldeko eragile nagusienekin elkarlana bilatuz.
• Euskarari status berria emango dion euskara lege berria adosteko konpromisoa.
6. Parte hartzea
• Aipaturiko puntu guztien garapenak ezinbestean herritarren eta ezinbestean eragile politiko, sindikal eta sozialen parte hartzea ahalbideratuko duen politika egiteko modua bermatuko lukeen lan egitasmoa. Honetarako expreski legebiltzarrean helburu hori izango lukeen batzordea martxan jarri eta adosteko konpromisoa.
7. EITB
• EITBren izaera publiko profesionala bermatzeko akordio zabal eta anitz bat bilatzeko konpromisoa.
8. Eredu instituzional eta administratiboa
• Lurralde Historikoen Legea. Bikoiztasunak aztertu eta hauek ekiditeko legearen berrikuspenerako ateak ireki eta akordio zabala bilatzea. Era berean, instituzioen arteko koordinazio tresna eta neurri ezberdinei izaera legala eta maila instituzionala eskaini.
• Euskal Udalen Legea. Hurrengo legealdian udalen legea adostu eta onartzeko konpromisoa.
• Falta diren eskuduntzak berreskuratzea. Seguritate Sozialaren kudeaketa ekonomikoa, Espetxe politika eta falta daitezkeen bestelako eskuduntzak".