IBARRETXE PLANAREN AURKEZPENA EUSKO LEGEBILTZARREAN

Gatazkaren konponbidean sinesten duten guztien artean mahai bat osatzeko proposamena egin dio Otegik Ibarretxeri

Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleko parlamentarioak mahai baten bueltan esertzeko gonbitea egin die "malgutasun eta zabaltasun osoz" gatazka gainditzeko borondatea duten alderdi guztiei. Otegiren iritziz, Euskal Herriaren esistentzia aitortzea, autodeterminazio eskubidea, eskubide zibil eta politikoen hitzarmena eta herri galdeketa dira gatazka konponbidean jartzeko oinarrizko kontzeptuak. "Gatazkaren mamiari eta prozesu politikoari benetan heltzen dion mahaia hori da", nabarmendu du SAko parlamentarioak. Halaber, herri galdeketa indarkeriarik gabeko egoera politiko batean egin beharko litzateke azpimarratu du.

2003ko irailaren 26a
17:26
Entzun
Ibarretxek bere plana "era eraikitzaile eta positibo" batean proposatu duela esanez hasi du bere hitzaldia Arnaldo Otegik, baina zenbait ñabardura mahai gainean jarriko dituela iragarri du. "Abiapuntu berri bat behar du herri honek. Gu ez gatoz bat Ibarretxe jaunaren proposamenarekin, hau ez baita bakoitzak bere proiektu politikoa mahai gainean jartzeko garai politikoa", esan du Otegik.

Otegiren esanetan, ezker abertzaleak orain dela 25 urte esandakoa berresten ari dela adierazi du Otegik, eta eztabaida irabazi egin duela. "Gernikako Estatutuaren defuntzio akta jasotzera etorri gara. Poza ematen digu, azken batean, ziklo berri baterako ateak irekitzen hasiak baikara, baina horretarako ezinbestekoa da gatazkari beste parametro batzuetatik heltzea", nabarmendu du.

"Helburua gatazka gainditzea da"

Sozialista Abertzaleak taldeko eledunaren esanetan, garai politiko honen helburua gatazka gainditzea da, eta "hor jarri behar ditugu indarrak Ibarretxe jauna, eta eztabaida beste leku batera eraman. Nola sortu Euskal Herrian proiektu poltiko guztiak berdintasunean plazaratzeko eta herritarrek beren etorkizuna libreki erabakitzeko egoera bat?".

Hala, gatazka gainditze aldera, ezker abertzaleak eskaintza bat egiten duela esan dio Otegik Ibarretxeri, "malgutasun eta zabaltasun osoz". Otegiren iritziz, Euska Herriaren esistentzia, lurraldetasuna, autodeterminazioa, eskubide zibil eta politikoen hitzarmena eta herri galdeketa dira "gatazka konponbidera gerturatzen gaituzten kontzeptuak".

Abiapuntua hori dela esan du SAko legebiltzarkideak, eta "horrela sinesten dugunok, mahai batean jar gaitezen hitz egiteko, bide berri bat irekitzeko. Hori da gatazkaren mamiari eta prozesu politikoari benetan heltzen dion mahaia". Halaber, herri galdeketa indarkeriarik gabeko egoera politiko batean egin beharko litzateke azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.