Euskal Herriko gatazkaren konponketan «aktiboki parte hartzeko» eskatu dio Mikel Albisu Mikel Antza-k Frantziako Estatuari, hori gabe aterabide politikoa «ezinezkoa» delako. 2004ko urriaren 4an Frantziako Poliziak Espainiako Guardia Zibilarekin batera egin atxiloketen garaian, «negoziazio prozesu bati buruz gogoetatzen» ari zirela oroitarazi ondoan, argi utzi du Frantziako Estatuak gatazkaren konponketa «lagundu» edota «suntsi» dezakeela. Ideia hori indartzeko asmoz, aitzineko bake prozesuetan ere behin baino gehiagotan negoziatzen ari zirenak Frantziak atxilotu zituela zehaztu zuen. Hori dela-eta gatazkan «zuzenki inplikatua» dela erranik, «errepresioa bazter uzteko» eskatu dio Frantziari. Mezu hori plazaratu zuen atzo Parisko Asisetako auzitegi berezian, bera eta beste bederatzi euskal herritarren aurka egiten ari diren auziaren baitan.
Atzo Juan Kruz Maiza, Albisu eta Marisol Iparragirre euskal preso politikoen ibilbide pertsonalari buruz aritu ziren, eta Albisu Iriarte eta Iparragirrek eskatu lekukoak entzun zituzten.
«Gatazka erabat politikoa da, eta konponbidea erabat politikoa izango da». Hori azaldu zuen Xabi Larraldek, Batasuneko mahaikideak eta Albisuren lekukoetariko batek. Espainiak euskaldunei biziarazten dien «salbuespen egoera» eta Frantziaren «esku-sartzea» gaitzetsi ondoan, bakea eraikitzeko eta lortzeko aukera hor dela argi utzi zuen.Ezker abertzaleak xede duen prozesu demokratikoa aurkeztu, eta Espainiak eta Frantziak horren alde egingo dutelako «esperantza» duela azaldu zion epaimahaiari.
Maizak «eskolan errepresioa jasanik», Albisuk «txikia zela aita preso sarturik» eta Iparragirrek eraila izandako Juan Paredes Manot Txiki-ren olerkia eskolako liburuko orri artean zuela, haien bizia hastapenetik begiratu behar dela eta frankismoaren pean euskaldunek pairatutakoa kontuan hartzekoa dela ulertarazi zioten Vandingenen epaileari. Hildako lagunak ala torturatuak izan militanteak, hurbiletik bizi memento latzak deskribatu zizkioten ondotik. Hori guztia haiei ere gertatzen ahal zaiela kontziente, «garaian babesten gintuen muga pasatu» eta Ipar Euskal Herrira jin zirela zehaztu zuten hirurek. Bertan lanean edo ikasten ari zirela, eskaturiko babes politikoa Frantziako Administrazioak errefusaturik eta GALek burutu hilketak biderkatzen zirela, klandestinitatera sartzeko hautua egin zutela kontatu zioten epaileari. Isilik bakoitzaren biziaren kontaketa entzuten zuen epaileak. Funtsean, gaur egun ere Espainiako Estatuan torturatzen dela errepikatu zuten abokatuek zein presoek, batez ere leporatua zaiena Guardia Zibilak burutu galdeketetan, «hots torturapean» eskuratutako informazioa dela aurkeztuz.
Presoen egoeraren salaketa
Euskal preso politiko gisa kartzelan duten egoera gaitzesteko eguna izan zen ere bai, batez ere Albisuren bigarren lekukoa, Gabi Muesca, 17 urte preso igaro eta OIP Kartzelen Nazio arteko Behategiko arduradun izandako gizona zelako. «Ez da posible, hil nahi naute!», horra zer ondorioztatzen duen Iparragirrek kartzelan jasan beharra duen egoera ikusiz. Bakartzea, kontrol etengabea, azken momentuan ezeztaturiko bisitak, umeari deitzeko eskubidearen urratzea, ziega zein kartzela aldaketa etengabeak eta eskubideen errespetua aldarrikatzeko presoek egin gose edota egarri grebak, euskal preso politikoen egoera zaila deskribatu zioten epaileari. Albisuk eta Iparragirrek duten umeak bizi behar duen egoera salatu zuten batek baino gehiagok, bereziki Iparragirreren lekuko gisa etorritako Phyde Rosell emakume irakasleak. Bestalde, preso politikoaren estatusaren aldarrikapena plazaratu zuen Muescak ere, «Euskal Herriko eragile izateko moldea delako» eta «bake iraunkorra prestatzeko ezinbestekoa delako».
Azaroaren 15ean hasi zen hamar euskal herritarren aurkako auzi hau Pariseko Asisetako Auzitegi Berezian. Mikel Negrete, Jose Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza eta Peio Alcantarilla preso politikoak eta kontrol judizial pean diren Lurdes Urdanpilleta, Robert Arranbide, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarano dira epaiturik, Maiza salbu, guztiak 2004ko urrian Ipar Euskal Herrian eta Biarnon egin sarekadan atxilotu zituzten.
Gatazkaren konponketan «aktibo» izateko eskatu dio Albisuk Frantziari
Parisko auzitegian hitza hartu zuen euskal presoak, bere eta beste bederatzi lagunen kontrako epaiketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu