eta-ren agiria
Gatazkari negoziazioaren bidez aterabidea emateko deia egin dio ETAk Frantziako Gobernuari
Frantziako Gobernuari eta herritarrei dei bana egin die ETAk iritzi publikoari zuzendutako agiri baten bidez. Euskal Irratiek eman dute albistea, eta bihar Berria egunkariak kaleratuko du agiria. Frantziako Gobernuari enplazamendu zuzena egin dio “Euskal Herriarekin bizi duen gatazkari elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik aterabidea emateko jarrera eta borondatea erakuts dezan”. Frantziako agintariak “ezin dira ikusle pasiboak izan”, nabarmendu du. Halaber, ETAk Frantziako herritarrei “Euskal Herriaren eskubideen aldeko jarrera erakuts dezaten” deia egin die eta Euskal Herria eta bere nortasunarekiko begirunezko jarrera izan dezaten eskatu.
Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkan duen erantzukizunaz eta gatazkaren konponbidean izan beharko lukeen parte-hartzeaz duen ikusmoldea luze eta zabal plazaratu du ETAk aipatutako agirian. Bide batez, “urte luzetako gatazka gainditzeko, Euskal Herriaren eskubideetan eta justizian oinarrituriko bakea” eraiki behar dela eta hori dela bere nahia berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu