Gatika (Bizkaia) eta Bordele artean goi tentsioko linea berri bat egin nahi dute Frantziak eta Espainiak, itsas azpian. Oraingoz proiektuaren hasierako tramiteetan badaude ere, eta lurreko loturak nondik egingo diren guztiz zehaztu ez badute ere, Bizkaiko toki hori jo du egokitzat lanak egiteko ardura duen enpresak, Red Electrica Españolak (REE).
Antonio Gonzalez Urquijo enpresaren Espainia iparraldeko ordezkariak BERRIAri azaldu dionez, "nazioarteko loturek eskatzen dute herrialde bakoitzaren barruko sarea indartsua izatea. Kasu honetan, Gatika litzateke lotunerik egokiena, maila sare bat badaukalako gaur egun".
Frantziarekiko lotura "oso garrantzitsua" da REErentzat, elektrizitatearen hornitze segurtasuna handitzeko. "Guretzat garraiolari eta kudeatzaile moduan, funtsezkoa da hornidura bermatzea", azaldu du Gonzalez Urquijok. Bizkaia eta Bordele arteko itsas azpiko proiektuak 1.200 milioi euroko aurrekontua du, eta "estrategikoa" enpresarentzat.
Itsas azpiko lotura hori ez ezik, Nafarroako Pirinioetatik ere etorkizunean goi tentsioko linea bat egiteko aukera aipatu izan du REEk laneko txostenetan. Oraingoz, baina, proiektu horretan ez dira lanean hasi ere egin. "Nazioarteko loturei dagokienez, Kataluniatik egiten ari garen goi tentsioko linea eta Bizkaia eta Bordele artekoak dira gure lehentasunak".
Hego Euskal Herrian proiektu elektriko garrantzitsuak ditu enpresak hurrengo urteotan. Besteak beste, Deikaztelu-Ezkio-Itsaso eta Ezkio-Itsaso-Gueñes arteko goi tentsioko lineak egin nahi ditu REEk. Bi proiektu horien aurka azaldu dira udal ordezkari ugari, eta, besteak beste, heldu den hilaren 16an herri galdeketak egingo dituzte Nafarroa eta Gipuzkoako 26 herritan. Proiektu horiei buruzko erreportaje zabala eskainiko du BERRIAk heldu den igandean, ekonomiari buruzko Egitura gehigarrian.