Gaueko ordubatetara aurreratu dute ostalaritzaren itxiera Nafarroan

Asteazkeneko gaueko 00:00etan, uztaiaren 7an, sartuko da indarrean neurri berria.

Iruñeako taberna bateko barnealdea. IñIGO URIZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 5a
12:44
Entzun

Nafarroan, kutsatuen kopuruak gora egin du nabarmen egunotan. «Egun gutxiren buruan» eguneko 50 kasu baino gutxiago izatetik gaurko 500 pasatxora heldu da, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariaren hitzetan. Kasuen gehiengoa 17 eta 29 urte bitartekoen artean izan da, «batzuetan hamar kasutik bederatzi izan dira adin tarte horretan», azaldu du Indurainek. Joan-etorri gehiagorekin eta eremu itxietako sozializazioarekin lotu dute igoera hori, eta, horregatik, neurriak zentzu horretan hartuko ditu Nafarroako Gobernuak: uztailaren 7ko gaueko 00:00etatik aurrera, ostalaritzako establezimenduek goizaldeko ordu batean itxi ahalko dute gehienez jota.

Duela astebete onartu zuen gobernuak ostalaritzako eta kirol eta kultur jardueretako neurriak leuntzeko foru dekretua, baina kasuen igoera esponentzialak hori geldiaraztera behartu du. Orduko hartan goizeko lauak arte irekitzeko baimena eman zien gaueko aisialdiko establezimenduei, eta kafe antzokiak bezalako establezimenduei goizeko ordu biak artekoa. Dena den, ostalaritzako ordutegiak soilik mugatuko dituzte, eta gaur bertan onartuko dute foru dekretu hori behin-behinean geldiaraziko duen dekretua, eta «gutxienez hamabost egunez» egongo da indarrean.

Egungo Nafarroako egoera «nahiko kritikoa» dela adierazi du Indurainek gaur eskaini duten prentsaurrekoan. Gertaera «superkutsatzaile» baten aurrean daudela iritzi dio: Saloun (Herrialde Katalanak) ikasturte bukaerako bidaian izandako gazteen agerraldiarekin lotu du kasuen igoera, eta zenbait egunetan baheketan egindako proben ia erdiak positibo izan direla azaldu du. Uste du Delta aldaera nagusitzen ari delako gertatu dela hori, aldaera hori kutsakorragoa delako, eta gehitu du kasu gehienak asintomatikoa direla.

Baztertu egin du, oraingoz, beste motatako neurririk ezartzea, herrialdearen itxiera perimetrala, esaterako. Dena den, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko eta segurtasun neurriak errespetatzeko deia zabaldu die herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.