Haika-Segi auzia

Gauerdia baino lehen aterako dira espetxetik askatasuna eman dieten sei gazteak

Haika-Segi auzian auzipeturiko sei gazte aske utziko dituzte gaur, lau urte behin behinean espetxean pasa eta gero. Igor Ortega, Olatz Dañobeitia, Olatz Carro, Ugaitz Elizaran, Garazi Biteri eta Garikoitz Etxeberria dira aske geldituko diren gazteak. Igandean, martxoaren 6an, beteko dira lau urte atxilotu eta espetxean sartu zituztenetik. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du fiskalaren eskaria, hau da, sei gazte horien espetxealdia 126 egun luzatzeko eskaria, hain zuzen. Epaiketaren gaurko saioan 'kaiolatik' kanpo eduki dituzte, baina hala ere, bukatu denean, furgonetan sartu eta espetxera eraman dituzte, bestetan bezala. Orain, kartzelan beraien gauzak bildu, eta tramiteak beteta, aske utziko dituzte gaueko hamabiak aurretik.

2005eko martxoaren 4a
17:07
Entzun
Egunotan Haika-Segi auziaren inguruko epaiketa egiten ari da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaur aske gelditu diren gazte horiek lau urte pasa dituzte espetxean, eta epaiketa egin gabe kartzelan egoteko gehieneko denbora pasa dutelako utziko dituzte aske.Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak espetxealdia 126 egun luzatzeko eskatu zion auzitegiari, baina eskari hori atzera bota dute.

Hala, sei gazte horiek Espainiako Auzitegi Nazionalean haien aurka egiten ari diren epaiketan egon dira gaur goizean, baina ez presoentzat prestatuta dagoen kaiolaren barruan, aretoko aulkietan baizik. Gaurko saioa amaituta, berriz ere espetxera eraman dituzte, beti bezala, eta han beraien trasteak hartu, tramiteak bete eta aske utzi beharko dituzte 24:00ak aurretik.

Hala ere, aske geratu diren seiek egunero aurkeztu beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko salaren aurrean, edo bestela, "bizilekutik gertuen duten poliziaren egoitzan". Espainiako Estatuaren mugetatik ezin direla irten ere agindu du Auzitegiak, eta esan duenez, "betebehar eta debeku horiek betetzen diren edo ez behar bezala zainduko dituzte segurtasun indarrek".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.