Gaur gauerdian abiatuko dute alderdi politikoek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina. Eusko Legebiltzarraren hamargarren legealdia izango da, eta 45 hautagaitza aurkeztu dira bozetara; 2009ko hauteskundeetara baino hamabi gehiago.
Lau alderdiren arteko lehia izango da nagusi. EH Bilduk Gasteizen egingo du kanpainako aurreneko ekitaldia, eta PPk, Bilbon; EAJ Donostian izango da, eta PSE-EE, berriz, Bilbon. Koalizioak Soluzioak zure esku. Zure unea da leloarekin abiatuko du kanpaina; PPk, berriz, Zu ez bazoaz haiek irabazten dute. EAJk Euskadik ahal du leloa erabiliiko du, eta PSE-EEk, berriz, Egon behar den tokian gaude. Beste alderdi batzuek, UPDk, Ezker Anitzak, Ezker Batuak eta Equok kasu, legebiltzarrean ordezkaritza eskuratzea izango dute helburu.
Gainera, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik egingo diren eta ezker abertzalea legebiltzarrera itzularaziko duten hauteskundeak izango dira urriaren 21ekoak. 2009an D3Mk ez zuen aurkezterik izan, nahiz eta, iragan ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak D3Mko eta Askatasunako auzipetu guztiak absolbitu zituen ETAko kide izatearen akusaziotik. Boz haietan EAJ izan zen garaile, 30 legebiltzarkide lortuta. PSE-EEk 25 eskuratu zituen; PPk, 13; Aralarrek, 4; eta EAk, UPDk eta Ezker Batuak, bana. PSE-EEren eta PPren arteko itun batek ahalbidetu zuen Patxi Lopez PSE-EEko hautagaia lehendakari izatea.
Urriaren 21ean 1.775.336 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea: Araban, 250.982k; Bizkaian, 948.409; eta Gipuzkoan, 575.935. 25na hautagai aukeratuko dituzte herrialde bakoitzeko herritarrek; 75, guztira.