ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Gauerdira itxaron gabe abiatu dute kanpaina indar politikoek

EAJk, PSEk, Elkarrekin Ahal Dugu-k eta PPk Araban egin dituzte ekitaldi nagusiak; EH Bilduk, Gipuzkoan. Nafarrak Iruñean aritu dira.

Iñigo Alli eta UPNko kideak, kanpaina abiatu aurreko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2016ko ekainaren 9a
07:37
Entzun

Sei hilabete geroago, eta gobernua osatzeko aukerak eta epeak bukatuta, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainari ekingo diote berriro euskal alderdiek. 00:00etan hasi behar luke ofizialki, baina, aspalditxoan, aurreratu egiten dituzte guztiek euren ekitaldi nagusiak, eta ez dira oraingoan ere molderik apurtzen saiatuko. Gasteiz, Irun eta Iruñea izan dira aukeratuak.

EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin-Ahal Dugu-k eta PPk Gasteiz aukeratu dute kanpainako lehen ekitaldi nagusia egiteko, Araban bozak lortzeko izango duten lehiaren jakitun. EAJk Lehenik Euskadi leloa aukeratu du, nabarmendu nahian beraiek izango direla Madrilen euskal herritarren interesak defendatuko dituzten "bakarrak". Bastiturri kalean dute ekitaldia (21:00). Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta hiru zerrendaburuak dira bertan: Aitor Esteban, Mikel Legarda eta Joseba Agirretxea. Urkulluk hartu du hitza: "Espainiako Gobernuak ez du ezer jakin nahi izan lau urte hauetan. Orain Euskadi defendatzeko aukera dugu".

PSE-EEk ere Gasteiz aukeratu du. Zaramaga auzoan egin du ekitaldia (20:00). Baiezko bat aldaketarako leloa aukeratu dute kanpainarako. Idoia Mendia idazkari nagusia eta hiru zerrendaburuak aritu dira: Patxi Lopez, Javier Lasarte eta Odon Elorza. Mendiak Ahal Dugu-ri egin dio erreferentzia: "Sozialdemokratak? ez nau harritzen gure onareaz jabetu nahi izateak".

Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioa lehen aldiz ariko da kanpainan, eta Gasteiz aukeratu dute haiek ere. Florida parkean egin dute ekitaldia (21:00). Herrialde baten irribarrea da aukeratu duten leloa, eta Ahal Dugu-ko, Ezker Anitzako eta Equoko buruak aritu dira: Nagua Alba, Isabel Salud eta Juantxo Lopez Uralde. Agerraldia egin dute aurretik: "Aukera bat daukagu orain falta zitzaigun bultzadatxo hori emateko kanpaina honetan".

PPk "bigarren itzulia" balitz bezala ekingo dio kanpainari, Gasteizko Artiumen (19:00). Espainia serioski, orain inoiz baino gehiago! da aukeratutako leloa. EAEtik aurkeztu dituzten hiru zerrendaburuak dira bertan hitza hartzekoak: Alfonso Alonso, Leopoldo Barreda eta Borja Senper.

Abenduan izandako emaitzak hobetzea da EH Bilduren erronka nagusia, eta Irun (Gipuzkoa) aukeratu du kanpaina hasierako ekitaldi nagusia egiteko (20:00). Arnaldo Otegi lehendakaritzarako hautagaia izan da hizlarietako bat, Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matuterekin batera. Otegik adierazi duenez, ekainaren 26ko hauteskundeetan EH Bilduren botoak "balio bikoitza" izango du: "EH Bilduren botoak balioko du, alde batetik, frankismoa babestu zutenak gobernutik botatzeko. Baina, ez hori bakarrik. EH Bilduren botoaren bidez erakutsi ahal izango da independentismoak zein indar duen herri honetan".

Nafarroan, Iruñea aukeratu dute guztiek. UPNk, Entzierroaren Monumentua; Geroa Bai-k, Sarasate; EH Bilduk, Nafarroako Artxibategia; Elkarrekin-Ahal Dugu-k, Gaztelu plaza, eta PSNk, Vinculo plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.