Azken orduko prestaketa lanak egiten harrapatu zuen 'Berria'-k Brouard AEK Bilboko Zazpikaleetan daukan egoitzan. Korridorean gora eta behera, zigarroa eskuan, egindako lanaren emaitzaren fruitua ikusteko desiratzen zegoela nabari-nabaria zen. Aurtengoa du bigarren Korrika arduradun nagusi legez, baina, zehaztu zuenez, lehenengotik dago antolakuntza lanetan zeregin batean edo bestean. Era berean, aurtengo Korrikaren antolaketa aurrekoa baino samurragoa izan dela aitortu zuen: "Orain urte bi, Nafarroan hainbat arazo izan genituen, batez ere azken eguneko ekitaldiarekin. Aurten, momentuz, ez dugu horrelako arazorik, eta ea bide beretik jarraitzen dugun".
Orain 25 urte Oñatin txiki-txiki hasi zen euskararen aldeko lasterketa, erraldoi bihurtua dago, eta horrek antolakuntza eta indarren koordinazio handia eskatzen die AEK-ko arduradunei. Begi bistakoa zen hori Begoña Alkortaren aurpegian. Korrika hasi aurreko azken eguneko arduraduna da bera, eta paper artean erdi galduta zebilen: "Aurretik lan handia eginda dago, urri aldera hasi baikinen serio antolakuntza lanekin; baina azken eguna hurbildu ahala, urrian lotuta geneukana orain hain lotuta ez dagoela konturatzen gara, eta berriro ia hasieratik ekin behar lanarekin. Neurri batean, zoratzekoa ere bada". Ez du oso argi zer eragiten dien lan gehien. "Itxura batean gauza logikoak eta errazak diruditenak buruhauste handienak sortzen dizkigute sarritan. Adibide bat jartzearren, egun jakin baterako zenbat txorizo kilo beharko diren jakitea demaseko lana da".
Alkortaren ondoan gelditu gabe zen lanean Klara Astondoa Korrika 14ko Bizkaiko arduraduna. Petoak banan-banan ordenatzen eta bere lekuan jartzen ari zen.Korrika 7tik dago antolaketa lanetan, baina aurtengoa du Bizkaiko koordinatzaile karguan lehenengoa. "Oso ezberdina da lana, ni orain arte Arratian (Bizkaia) izan naizelako lanean. Herrietan ikaragarrizko lana egiten da: diru bilketak, Korrika laguntzaileak bildu, kilometroak saldu... Benetako Korrika herrietan egiten dela esan daiteke. Hemen, Bizkaiko arduran, koordinazio lana egiten da. Ezberdina da, baina ez errazagoa", azpimarratu zuen.
Lasterketa hasteko "irrikatzen"
Goiko solairuan ere ez zen giro. Hantxe zeuden Igor Elordui eta Marijo Deogracias prentsa bulegoko kazetariak. Sakelako telefonoak zein bulegokoak etengabe jotzen zuen. Elorduik hauxe du bigarren aldia Korrika prentsa arduradun legez, eta urduri zegoela esan arren, aurrekoan baino lasaiago zegoela nabarmendu zuen. "Egia esateko, Korrika noiz hasiko irrikatzen nago, behin hasita izaten diren arazoak errazago edo beste era batera konpontzen direlako".
Publizitatea antolatu, komunikabideekin eskaerak lotu, irratietako konexioak antolatu, jendaurreko agerraldiak prestatu... aurreko Korrikan besteko lana izan du, baina denbora gutxiago izan dute guztia prestatzeko. "Aurten Aste Santua inoiz baino lehenago da, eta horrek hilabete aurreratu du prestaketa lan guztia", zehaztu zuen. Deograciasek aurtengoa du lehen Korrika, baina ez dator bat Elorduik adierazitakoarekin. "Hemen guztiak gauza berarekin ari dira, aurten inoiz baino denbora gutxiago izan dutela. Egia da, baina hilabete gehiago izanda ere azken orduan urduri eta presaka ibiliko ginen, horrelako ekimen handiak antolatzeak hori dakarrelako berarekin".Urduri, hasteko gogoarekin, baina gaur hasiko den Korrika arrakastatsua izango denaren ziurtasunarekin zeuden AEK-ko kideak. "Gu barruan gaude, eta askotan ia ez gara konturatu ere egiten, baina kalean giroa dagoela nabaritzen da. Beharbada aurreko Korrikan beste giro bat zegoen, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera hurbil zegoelako eta Korrikak bideratu zuelako herritarren artean zegoen amorrua. Baina giroa badago, eta ziur herritarrek errepideak betetzen dituztela", agertu zuen Elorduik. Iritzi berekoa zen Astondoa. "Korrika urterik urte hazi egin da, eta aurten gauza bera gertatuko da. Gainera, azken eguna Bilbon izanda, arrakasta ziurra da, hemen, Bilbon, gauzak handi egiten ez baditugu ez dugulako ezer egiten", adierazi zuen.
Korrika
Gaur abiatuko da Korrika, 18:30ean Orreagatik
Gaur hasiko da Korrika14 bere euskara hain ondo gordetzea lortu duen Nafarroako Orreaga herrian. Hortik aurrera, lasterkariek Euskal Herriko errepideak hartuko dituzte, martxoaren 20a bitartean euskararen aldeko mezua eta hizkuntzarekiko konpromisoa txoko guztietara zabaltzeko. Baina euskaltzaleak errepideak hartu ahal izateko, bi urte luzeko lana dago atzean, Edurne Brouard Korrika 14ko arduradunak atzo azaldu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu