Hego Euskal Herri osoan egingo dira gaur Autorik Gabeko Egunarekin lotutako ekitaldiak. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, denera, 86 udalerrik egin dute bat ekimenarekin. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publiko IHOBEren arabera, asko dira. "Iaz 52 udalerri ziren, eta aurten 86; herritarren %70 batzen dute", dio IHOBEk propio ekimenaren berri emateko plazaratu duen prentsa oharrak. Baikor. Mugikortasun Astea dela eta 300 ekintza baino gehiago lagundu ditu diruz IHOBE.
Akordio jakin batzuk ere hitzartu dituzte zenbait erakunderekin; esaterako, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin hitzartu duten tratuari esker gaur Creditrans txartelak debalde banatuko dira bizkaitarren artean. Txartel horiek lortzen dituzten herritarrek doan ibili ahal izango dute metroan, Bizkaibus eta Bilbobus autobusetan eta Artxandako funikularrean, besteak beste. Beste hainbat udalerritan ere hartuko dituzte antzeko neurriak, eta izango da garraio publikoan debalde ibiltzeko aukera. Toki batzuetan, aste osoan izan da horretarako aukera.
Iruñeko zezen plazan
Iruñeko Udalak ere hainbat ekimen antolatu ditu. Zezen-plazan ibilgailu ekologikoen erakusketa eginen dute. Ibilgailuak enpresa handi eta ezagunek eginak dira: Hondak, Toyotak eta Citroenek. Gainera, marrazki lehiaketa eginen dute Iruñeko karriketan, eta kale antzerkia eta musika emanaldiak izanen dira.
Nafarroako hiriburuan bada, hala ere, ekimenok nahikoa ez direla uste duenik. Iruñerriko Hiritar Txirrindularien Taldeak, adibidez, bizikleta martxa eginen du gaur, 20:00etan, Merindadeen plazaren eta Vianako Printzearen plazaren artean, "auto gutxiago eta bizikleta gehiago" aldarrikatzeko. Diotenez, gero eta txirrindulari gehiago dago Iruñean, baina, aldi berean, biztanleko auto kopuru handienetakoa duen hiria da: mila pertsonako 432 auto.
Iruñea Berria plataformak Iruñeko Udalaren jarrera kritikatu du, eta Autorik Gabeko Egunaren inguruko ekimenak "itxurakeriatzat" jo ditu. Udalak lur azpiko aparkalekuak egiteko dituen proiektuak salatu ditu, eta gaineratu du UPNren asmoa ez dela oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak egitea, autoei ematen diela lehentasuna.
Ingurumena
Gaur, autorik ez
Egunotan Mugikortasunaren Astea egin dute Euskal Herriko udalerri askotan: hilaren 16an hasi zen, eta gaur bukatuko da, Autorik Gabeko Egunarekin. Herritarrak garraio publikoaren aldeko hautura bultzatu nahi ditu ekimenak, eta Europa osoan egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu