Eredu berritzaile batekin abian jarri dute Hitza Behe Bidasoa eskualdean, Lapurdiko eta Gipuzkoako bost herriren eta bost herritarako informazioa zabaltzeko. Aurkezpeneko 0 zenbakia gaur argitaratu eta banatu dute, baina martxoaren 27an iritsiko da 1. zenbakia. Hendaia, Hondarribia, Irun, Biriatu eta Pausuko (Behobia gisa ere ezagutua; Irun eta Urruñako auzoa) informazioa euskaraz eskainiko du Behe Bidasoako Hitza-k.
Astelehenetik ostiralera PDF eta flash euskarrietan eta ostiralero papereko edizioan zabalduko dute Hitza berria.
Euskal Herriko beste zazpi Hitza-tan bezala, eskualdeko euskalgintzaren eta gizarte eragileen eta EKTko Bertako Hedabideen artean sortu dute proiektua. Behe Bidasoaren kasuan, Pausu Media Elkarteak, Irun Iruten euskara elkarteak, Hondarribiko Bagartian euskara elkarteak, Hendaiako euskalgintzak, Bertako Hedabideek eta eskualdeko gizarte eragileen ordezkaritzak osatuko dute enpresa argitaratzailearen administrazio kontseilua.
Gaur argitaratu du Behe Bidasoako Hitza-k 0 zenbakia, egunkaria irakurleen artean ezagutarazteko. Horretarako, zenbaki horren 15.000 ale eskualdeko 80 leku publiko, ikastetxetan banatuko dituzte asteburu honetan.
Martxoaren bukaeratik, astero kalean
Martxoaren 23an hasiko da egunkariko lan-taldea Irungo erredakzioan lanean, eta egun horretatik aurrera jaso ahal izango da e-gunkaria posta elektronikoz, astelehenetik ostiralera. Martxoaren 27tik aurrera, berriz, harpidedunen etxeetara soilik banatuko da papereko edizioa. Hasierako hilabeteetan Hitza doan irakurtzeko aukera izango da, baina maiatzetik aurrera harpidedun izateko urteko 40 euroko kuota ordaindu beharko da.
Asier Zulueta Behe Bidasoako Hitza-ko kudeatzailearen arabera, "egunkariak segida garrantzitsua" ematen dio bailaran izan diren eta diren komunikazio proiektuei, "eta euskarazko tokiko prentsan egunerokoan zegoen hutsunea" beteko du. "Gainera, eskualdearen kohesiorako ere tresna eraginkorra izango da".
Eskualdean 40.000 euskaldun baino gehiago daude, eta euskaraz bizi nahi dutenentzat tresna bat gehiago izango da Hitza.
Webguneei estu lotutakoa
Behe Bidasoako proiektu berrian webgunea komunikazio proiektu berriaren arabera antolatzea, eta edizio jarraitua, e-gunkaria eta Hitza-ren papereko edizioa elkar-eragileak bilakatzea izango da helburua. Honela, webguneko edukiek tarte berezia izango dute e-gunkarian, , hala PDF nola flash euskarrietan, eta papereko edizioan.
Era berean, kazetariek sartutako albisteak ez ezik, irakurleek bidalitako argazkiak eta albisteak izango dira webgunearen atal nabarmenenetakoak. "Etorkizun hurbila halako proiektuei lotuta joan daiteke", uste du Zuluetak.
Aurretik esistitzen den eta Pausumediak kudeatzen duen Bidasoamedia.info webguneak herri informazioa etenik gabe emango du euskaraz, astelehenetik ostiralera. www.behebideasoakohitza.info webgunean, aldiz, egunkaria irakurri ahal izango da, osorik, bai flash moduan baita PDF euskarrian ere. Kazetariek egunero osatuko dute Hitza, eta arratsaldeko azken ordurako igoko dute webgunera.
Ostiraletan, berriz, astean zehar Bidasoa Beherean izan diren albisteak garatuago jorratuta argitaratuko dira papereko edizioan.
Oraingoz 16 orrialde izango ditu harpidedunen postontzietara iritsiko den edizioak. Eskatutako diru laguntzak jasoz gero, berriz, 32 orrialdetara zabaltzeko asmoa dute.
Gaur egun Euskal Herrian dauden zazpi Hitza-k 102 herritara heltzen dira, eta 40.000 aleko tirada dute guztira.
komunikabideak
Gaur banatu dute 'Behe Bidasoako Hitza'-ren 0 zenbakia
Eredu berritzaile batekin abiatu da 'Hitza' Behe Bidasoa eskualdean, eta Hendaia, Hondarribia, Irun, Biriatu eta Urruñak eta Irunek partekatzen duten Pausu auzoko informazioa euskaraz emango du martxoaren 27tik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu