Gaur, bihar eta etzi Hik Hasik jardunaldiak egingo ditu Donostian

Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoa plazaratzeko jardunaldi sorta egingo dute, beste 34 ikastarorekin batera

Erredakzioa
2008ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Pedagogiaren alorreko 35 ikastaro egingo dira gaur, bihar eta etzi Donostian Hik Hasik antolatuta. Erakundearen udako topaketak izango dira, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekinbatera antolatuak. Donostiako Pedagogia Fakultatean, Informatika Fakultatean eta Ekintza ikastolan egingo dira hitzaldi eta tailerrak. Ikastaroen artean, antolatzaileek Imanol Urbietari buruz antolatu dutena nabarmendu dute; Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoa. Josu Txapartegi musikariak zuzendu du ikastaroa, eta Imanol Urbietak landutako ildo pedagogiko-musikalaren berri eman nahi du, batez ere modu praktikoan.

Hezkidetza, balioen heziketarako ardatzak, ahozkotasuna, haurrentzat kantu eta jolasak, Euskal Curriculuma, psikomotrizitatea, teknologia berriak, software librea... Gai ugari landuko dituzte topaketetan. Batzuk, ohikoak. Aski ausartak ere bai beste batzuk. Patxi Izagirre psikologo eta psikoterapeutak antolatuta, esaterako, suizidioaren gaia jorratuko dute; irakasle, guraso eta osasun arloko profesionalentzako ikastaroa izango da, gaia gertuan agertzen denean nola landu daitekeen aztertzeko. Izagirrek orientabideak eman nahi dizkie hezitzaileek buru osasunean giltzarri diren adierazleak atzematen ikasteko.

Adimen emozionala

Egun aski arrakasta handia duten gaien artean, adimen emozionalarena egongo da. Ibon de La Cruz psikologoak zuzendutako ikastaroan, umorea, barrea eta gozamena hezteko tresna izan daitezkeela irakatsiko du.

Ikastaro asko oso praktikoak izango dira, eta hezitzaileen parte-hartzea eskatuko dute. Ikastaroak, goizez izango dira, 09:00etan hasi eta 14:00ak bitartean. Arratsaldetarako, berriz, saio libreak antolatu dituzte, eta nahi duten guztientzat irekiak. Gaur, esaterako, erromeria dantzak landuko dituzte Aiko taldearekin, eta, berriz, euskal antzerkia landuko dute. Bi ekimenak EHUko Pedagogia Fakultatean izango dira, 16:00etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.