Gaur egingo du bilera LABI teknikoak Covid-19aren datuen joera aztertu eta indarrean dauden neurriak aldatu behar diren ikusteko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo esan zuenez, LABI instituzionalaren batzarra aurreratzea ere aztertuko dute, baina batzorde teknikoaren txostena izan arte ez dute erabakirik hartuko. Gaur-gaurkoz hil honen 22rako dago deitua, baina Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen aurreratzea kutsatzeen gorakada dela eta.
Bitartean, atzo Hego Euskal Herrian egin zituzten 12.539 probetatik %10,1ek eman zuten positibo, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban beste 749 positibo daude. Gehien bat gazteei ari zaie erasaten,—txertaketa prozesua hasi gabe duen kolektibo bakarra— eta ikasturte amaierako bidaiak dira horren adibide. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri zuenez, Mallorcako agerraldiak 302 positibo eragin ditu; Saloukoak (Herrialde Katalanak), 401; eta Conilekoak (Andaluzia), 42.
Heldu den astelehenean hasiko da Osakidetza 16-29 urteko gazteei koronabirusaren aurkako txertoak jartzen eta bitartean, orain arteko neurriak jarraituko dute indarrean.