Gaur bilduko da Labi, transmisioaren beheranzkoa eten den honetan

Neurri murriztaileen malgutzea mahai gainean izanen du batzordeak. Neurri murriztaileak «zuhurtziaz modulatzea» galdegin du Urkullu lehendakariak.

Maiatzaen 7an bildu zen Labi azkenekoz. JON USUAL / EFE
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 31
11:04
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur arratsalderako deitu du neurriak ebazten dituen Labi batzordearen bilerara. Iragan astean Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, kazetarien galderei erantzunez, adierazi zuen ostatuetako ordutegiena izanen dela bileran hizpide izanen dituzten gaietako bat. Hala ere, COVID-19aren izurriak azken egunetan izan duen bilakaerak baldintza ditzake Labik hartuko dituen erabakiak.

Izan ere, azken egunetako datuek bistan utzi dute kutsatuen beherakada eten egin dela Hego Euskal Herrian. Araban, intzidentzia metatuaren tasa gorantz ari da maiatzaren 26az geroztik (118 zen egun hartan, eta 137,51 da orain). Bizkaian, 229 da azken 14 egunotako positiboen intzidentzia 100.000 biztanleko: ez du gora egin, baina behera ere ez. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, igoera apala atzeman daiteke, ostegunetik aurrerako datuak aintzat hartuta: intzidentzia metatuaren tasa 208 da Gipuzkoan, eta 130,88 da Nafarroan. Izurriak datozen egunetan hartuko duen bilakaerak erakutsiko du ea joera aldaketa baten ataria den, eta izurriak berriro maldan gorako bidea hasiko duen.

Urkulluk, ordea, orain arteko diskurtsoari eutsi dio: atzo esan zuen, COVID-19ari aurre egiteko, erakundeek «oreka» bilatu behar dutela osasuna babestearen eta «osasun sozial, ekonomiko eta emozionalean ahalik eta eraginik txikiena» izatearen artean. Hori dela eta, neurri murriztaileak «modulatzeko» prozesuan «zuhurtziaz aurrera egitea» eskatu zuen.

Bilera 16:30ean izanen da, Lehendakaritzan. Maiatzaren 7an izan zen aurreko bilera, eta orduan erabaki zen, adibidez, taberna eta jatetxeen ordutegiak malgutzea: 20:00etan itxi behar zuten ordura arte, eta 22:00ak arteko muga dute orain. Ostalarien sektorean eskeak badira, hala ere, neurri hori oraindik ere gehiago malgutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.