'EGUNKARIA' AUZIA

Gaur deklaratu duten 'Egunkaria'-ko hiru langile ohiak baldintzarik gabe aske utzi ditu Del Olmok

Agus Barandiaran, Alberto Ortigosa eta Txumai Iturria 'Egunkaria' auziagatik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aurrean deklaratu duten kazeta horretako hiru langile ohiak bermerik ordaindu gabe aske geratu dira. Hala ere, hiruak inputatuta daude 'Egunkaria'-ren itxierari buruzko auzian. Epaileak ez du 'Egunkaria'-ko hiru langile ohien aurkako badaezpadako neurririk hartu. Barandiarani, ordea, bere izenean dagoen kontu korronte bati buruzko informazioa hamabost egunen buruan emateko eskatu dio epaileak.

2004ko otsailaren 25a
15:27
Entzun
Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari eta egun 'Berria' egunkariko zuzendari denak sumario itxi dezala eskatu dio Juan del Olmo epaileari Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian egin dituen adierazpenetan. "Auzia bertan behera utz dezala eskatzen diot, eta euskalgintzan aritzen garen enpresoi lanean pakean utz gaitzala", azpimarratu du Otamendik.

Banaketa saileko langileak

Agus Barandiaran eta Txumai Iturria Egunkaria SAren banaketa sailean aritu ziren langile, 1990ean Egunkaria sortu zenetik 2003an itxi zuten arte. Alberto Ortigosa, berriz, banaketa saileko laguntzaile izan zen Nafarroan 1990eko hamarkadako urte batzuetan. Juan del Olmo epaileak "erakunde terroristako kide edo laguntzaile izatea" leporatzen die, 2004 otsailaren 20an plazaratutako probidentzian dioenez. Gainera, "kapital zuritzea", "Ogasun Publikoaren aurkako delitua" eta "diru laguntzetan iruzurra" ere egotzi die. 216/01 eginbideen barruan inputatu ditu; Egunkaria-ren itxierari buruzko jatorrizko atalean, alegia.

22 inputatu izan daitezke

Hiru horiek inputatuko balitu, jada 22 lagun egongo lirateke Egunkaria-ren auzian inputatuta: otsailean atxilotutako hamarrak –Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Luis Goia, Inma Gomila, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria–, urrian atxilotutako bederatziak –Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Angel Diez, Enekoitz Etxeberria, Amando Hernandez, Joan Mari Larrarte, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal eta Jose Mari Sors–.

Del Olmo epaileak joan den urriaren bukaeran eginbide guztiak sekretupetik atera bazituen ere, azaroaren 24ko autoan lau orrialde sekretuan ezarri zituen berriro, "oraingoz inputatuta ez dauden pertsonekin" zerikusia zeukaten gertaerak ikertzeko. Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuei txostena eskatu zien eta, txostena jaso duenean, sekretua berriro altxatu eta 'Egunkaria'-ko hiru langile ohiak deklaratzera deitu zituen 2004 otsailaren 20an.

Iñaki Uria da 'Egunkaria' kasuagatik kartzelan dagoen bakarra. Xabier Alegriak ere preso jarraitzen du, baina Udalbiltzaren kontrako auzibidearekin lotuta.

'Egunkaria'-ko langile ohien ordezkaritza bat, Martxelo Otamendi zuzendaria tartean, Madrilen egongo da bihar inputatuei babesa adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.