Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8rako antolaturik dagoen giza katea iragartzeko grabaketak gaur amaituko dituzte. Iruñean eta Berriozarren jarri dute ordua Gure Esku Dago mugimenduko kideek. Goizean, hiriburuko Gaztelu plazan arituko dira grabatzen, 10:00etatik aurrera, eta Berriozarren, 14:30ean, Eguzki plazan.
Gure Esku Dago-k jakinarazi duenez, herritarrek erantzun egin diete azken egunetan eginiko deialdiei. Atzo goizean, Bardean (Nafarroa) izan ziren iragarkia grabatzen. Inguruetako herrietako 50 bat lagun elkartu ziren, «oso giro onean», antolatzaileek nabarmendu dutenez. Korrika egin eta giza katea osatu zuten, eta amaieran, jota bat kantatu. Arratsaldean, berriz, Gasteizen izan ziren, EHUren campusaren inguruetan. Herenegun Donostian izan ziren, Saguesen eta Bulebarrean; igandean, Bilboko Guggenheimen bostehun lagun inguru batu ziren; eta larunbatean Baionan izan ziren. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, maiatzaren 2rako amaitu nahi dute bideoaren muntaketa, eta egun horretatik aurrera komunikabideetan ikusgarri jarri. Labrit multimedia enpresak ekoitzi du iragarkia.
Bardeetan eta Gasteizen izan zen atzo grabaketa taldea, eta saio bakoitzean egin bezala, grabaketa prozesua jaso du Ahotsa.info hedabideak. Hona Bardeetako grabaketaren bideoa:
[youtube]http://youtu.be/tWvF7sCGkOE[/youtube]