Atentatua Yemenen

Gaur egingo dute Bitorikaren aldeko hileta elizkizuna

19:00etan hasiko da, Amurrioko Santa Maria elizan. Larunbatean hil zen, Yemengo atentatuaren ondorioz hamabi egunez oso larri egon eta gero. Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte, Jaurlaritzak deituta.

2007ko uztailaren 16a
15:24
Entzun
Gaur 19:00etan izango da Maria Asuncion Bitorika, Yemengo atentatuaren ondoren hil den amurriotarraren (Araba) aldeko hileta elizkizuna, Amurrioko bertako Santa Maria elizan. Gorpua atzo iritsi zen hegazkinez Madrilera, eta Euskal Herrira ekarri zuten ondoren. Bitorika Galdakaon (Bizkaia) bizi bazen ere, haren jaioterrian egingo dute elizkizuna.

Hilaren 2an izan zen Yemenen atentatua -eraso suizida- eta oso larri zauritu zen Bitorika. Sana hiriburuko ospitale batean hamabi egunez oso egoera larrian egon da, eta larunbat goizean zendu zen.

Bitorikaz gain, Mikel Essery eta Maddi Alvarez zarauztarrak (Gipuzkoa), lau katalan, espainiar bat, bi yemendar eta suizida bera hil dira erasoaren ondorioz.



Eusko Jaurlaritzak elkarretaratzeak antolatu ditu gaur 12:00etarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeen aurrean. Ordu laurden iraun dute elkarretaratzeek, eta Yemengo atentatuan hildako guztien familiei elkartasuna erakutsi diete eta erasoa gaitzetsi dute.

Halaber, Amurrion (Araba), Maria Asuncion Bitorikaren jaioterriko udaletxean udalbatza berezia egin dute 9:00etan. Udal talde guztien artean testu bateratua egin dute, familiari elkartasuna erakusteko eta atentatua salatzeko. Bitorikaren heriotzaren berri jaso eta berehala ipini zen harremanetan Udala hildako herrikidearen senitartekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.