Euskal Herriko gaur egungo egoera politikoa aintzat hartuta atxiloketak "anakronikoak" direla salatu dute gaur Gasteizen ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, LABek, EILASek, Etxeratek, Gazte Independentistek eta Ikasle Abertzaleek, besteak beste. Frantziako eta Espainiako estatuen jokabidea txarretsi dute, "konponbide" prozesuan laguntzen ez direlakoan ari. "Errepresio gehiago erabiliz ari dira erantzuten".
Lehengo astean Frantziako Poliziak ustezko hiru etakide atzeman zituen, eta Ertzaintzak Ekaitz Samaniego Gasteizen.
Eragileok azaldu dute bakea eta normalizazioa lortzeko hartuak dituzten konpromisoei eutsi egingo dietela, eta bi estatu haietako gobernuei ETArekin "gatazkaren ondorioez" hitz egiteko eskatu diete.
Bihar elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, Konponbidearen alde, atxiloketa gehiagorik ez! lelopean.
Asteburuan atzemandako Jon Etxebarria ustezko etakidearen eta Samaniegoren gurasoak prentsaurrekoan izan dira.