Gaur egungo EBBk Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba «Espainian eroso» sentitzeko modua aurkitu nahi duela uste du EBBko presidente ohi Xabier Arzalluzek. «Imazek-eta, Espainian eroso egotea lortu behar dela diote». EAJk Euskal Herriaren independentziaren alde lan egin behar duela iruditzen zaio, eta ez dator bat EBBk azken urteetan hartu duen ildo politiko berriarekin. EAJren txostenean independentziari buruz idatzitakoa aldatu nahi izatea leporatu dio EBBko buru Josu Jon Imazi. Adierazpen horiek atzo egin zituen, Herri Irratian.
EAJren Aberri Batzarra bildu zen atzo Bilbon, eta han izan zen Arzalluz ere. Hauteskundeen ondorengo koalizioen inguruko analisia egin zuten, eta EBB eta EAJren zuzendaritza berritzeko prozesuari ere hasiera eman zioten. Arzalluzen iritziz, «oso garrantzitsua» da EAJk onartuko duen txosten politiko berria, izan ere, hurrengo urteetan hor oinarrituko da alderdiaren politika. Horiek hala, txosten berrian egungo txostenaren ildo bera jarraitzea proposatzen ez bada, kideek beste txosten bat egin beharko dutela esan du. «Kideen aldetik txosten alternatiboa egin beharko da».
EGIBARREN HAUTAGAITZA. EAJko EBBko zuzendaritza berria aukeratuko dute aurten, eta oraindik argitzeke dago nor izango diren hautagaiak. 2003an Imaz izendatu zuten EBBko buru, baina lehia horretan Egibar ere egon zen. Baina Arzallusek ez daki Egibar aurten ere lehiatuko den edo ez. «Orain GBBren presidentea da Egibar, eta ez dut uste erretiratuko denik».
EBBko bozeramaile Iñigo Urkulluren iritziz, ordea, ez du uste Egibar eta Imaz berriz EBBko buru izateko lehiatuko direnik. Haren arabera, EBBko buru berria hautatzeko prozesuan kideek zer esan handia dute, eta etxeko giroa «korapilatu» aurretik, kanpoko interesei begiratzeko eskatu die.
Gaur egungo EBB «Espainian eroso» egoteko moduaren bila dabilela uste du Arzalluzek
EAJren txosten berriak egungoaren ildoa jarraitzen ez badu beste txosten bat egin beharko dutela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu