Gaur epaituko dituzte Kako aferan atxilotu zituzten sei laborariak. Taldean egindako bortizkeria baliatzea leporatzen diete denei, urtarrilaren 17an iragan zen elkarretaratze batean. Egun horretan, Ainharbeko (Zuberoa) Kako baserriaren segida nork hartuko zuen erabaki behar zuen Safer egiturak, Donapaleuko egoitzan (Baxenabarre). Jendarme andana bat agertu zen bertara. Istiluak gertatu ziren laborarien eta jendarmeen artean. Horren ondorioz, sei lagun atxilotu zituzten, egun batzuk berantago. Baionako jendarmerian bi egunez atxikirik, libre utzi zituen epaileak, auziaren zain. 14:00etan hasiko epaiketa, Baionako auzitegian.
Sei laborariei sostengua berretsi diete ELB eta GFAM Lurra elkarteek: berriro mobilizatzeko deia egin dute, Baionako auzitegiaren aitzinean, 13:30ean. «Normalki, isunak ordaindu behar genituzke», azaldu du Jean-Mixel Aizagerrek, auziperatua den laborari batek. «Baina horrelako epaiketan, ez da jakiten ahal. Pusatzaileak bazirela badakigu, batzuk bost urteko presondegi zigorrarekin mehatxatuak izan baitira».
SALAKETA. Atxiloketak ere salatu nahi izan dituzte auziperatuek. «Gure etxeetan harrapatu gaituzte, goizeko seietan, kriminalak bagina bezala», erran du Mizel Dunat laborariak. «Gure emazte batzuk esnatu dituzte jendarmeek, ganbaran sartuz, oraindik ohean zirela. Eskuburdinak ezarri dizkiete gutarteko zenbaiti, familia osoaren aitzinean. Gure haurrak bizi guzian oroituko dira irudi horretaz».
Baionako jendarmeriako egonaldia ere aipatu du Dunatek. «Bi egunez egon gara han, galdeketak lehen eguneko arratsalde hastapenean bukatuak izan arren. Jendarmeek ere aspertuak iduri zuten». Prokuradoreak erabakitako luzapena salatu dute auziperatuek, bai eta berehalako prozedura egin nahi izatea ere. «Kasu arraroetan egiten da hori, baina guri leporatua zaigunarekin, ez».
Sei lagunak zigortu gabe uztea espero du, berriz, Christian Harluxet ELBko bozeramaileak. «Ez dira kargu potoloak». Afera horrek sortu duen sostengu mugimendua azpimarratu du Harluxetek. «Barnealdeko 575 hautetsiek izenpetu dute sostengu eskaria. Horien artean, 58 auzapez daude». Barnealdeko auzapez gehienak, beraz, sei auziperatuen askatzearen alde agertu dira. Bai eta GFAM Lurra erakundeak Kako baserria erostearen alde ere. Fred Larrañagak eta Jasmine bizilagunak, Kakoa biziarazten jarrai dezaten, duela bi urte hasi ziren bezala. Harluxetek erran duen bezala, «egoera lasaitu nahi baldin bada, baserriak aurkitu behar dira laborari gazteentzat. Ez dira baserrietatik bota behar».
Gaur epaituko dituzte 'Kako auziko' sei laborariak
Ainharbeko (Zuberoa) etxaldearen aldeko elkarretaratze batean parte hartu zuten, eta jendarmeekin izan ziren istiluen harira, taldean egindako bortizkeria baliatzea leporatzen diete. 13:30ean Baionako auzitegiaren aitzinean elkarretaratzeko deia egin dute ELBk eta GFAM Lurra elkarteek, auzipetuei elkartasuna adierazteko. 14:00etan hasiko da epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu