Joxerra Senar
Gaur argituko ditu kartak UPNk. Kongresu arteko garaietan organo gorena den kontseilu politikoa bilduko da gaur 19:30ean Iruña Park hotelean, eta han erabakiko dute Estatuko aurrekontu orokorretarako UPNko bi diputatuei eta hiru senatariei zer agindu eman. PPk eta PSOEk presioa areagotu nahi izan zioten atzo Miguel Sanz UPNko presidenteari. Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordeak oroitarazi zion euren arteko itunak aurrekontuetan PPren zuzenketak babestera behartzen dituela. «Eta itunak betetzeko daude». Jose Blanco PSOEko idazkari nagusiak, berriz, alderdi sozialistak iaz Nafarroako Gobernuari uko egin ziola eta mesedea itzultzeko garaia dela iradoki zion: «Erantzukizuna eskatu ziguten horiek, arduraz jokatu beharko dute orain».
Presioa ez zen adierazpen publikoetara mugatu. Sanzek atzo Madrilen hitzaldi bat zuen, eta bidaia Raxoirekin ere biltzeko baliatu zuen. Bilkura «elkarrizketa pribatu bat» baino ez zela esan zuen soilik Maria Dolores Cospedal PPko idazkari nagusiak. Baina argi dago UPNk aurrekontuei buruz zer bozkatuko duen izan zutela hizpide.
Gonzalez Ponsek, beste behin, berretsi du «azken minutura arte» UPNren erabakitzeko askatasuna errespetatuko duela. Hori bai, itunak PPrekin batera bozkatzera behartzen duela ohartarazi dio. Erabaki hori «uste osoz» hartu behar duela iritzi dio, «eta ez behartuta». Haren ustez, PSOEk «Nafarroa euskal abertzaleen eraginpetik kanpo uzteagatik» ordaina pasa nahi dio orain UPNri.
Jose Blancoren ustez, «ezin da erantzukizuna beti berberei eskatu». Alderdi sozialistak Nafarroaren «egonkortasuna» bermatzen duela, eta «negoziatzen eta hitzartzen» jarraitzeko prest dagoela dio.
Haren ustez, PPri ez zaio Nafarroa axola: «Espainiako Gobernua higatzea baino ez du nahi PPk. Nafarroa axola balio, elkarbizitzarako elkar ulertze on bat egotea beharrezkoa dela ulertuko luke, eta horretarako egonkortasuna bermatu behar dugula. Horrenbestez, Nafarroako aurrekontuak onartu ahal izateko, Espainiako Gobernuarekin konpromisoa hartu behar du UPNk».
17 urteko historia «jokoan»
Asko egongo da gaur jokoan Iruña Park hotelean. Horregatik 1991n UPNren eta PPren arteko itunaren egile intelektualak, Jaime Ignacio del Burgok, alderdiari eskatu dio ez dezala 17 urteko historia «zakarrontzira bota». Haren ustez, Blancoren gaurko hitzek argitzen dute sozialisten benetako estrategia: «UPNren batasuna suntsitzea, PSOEren mesederako». Del Burgok uste du Blancok Nafarroa «iraindu» duela, «kromo aldaketa horregatik».
Zurrunbilo politikoaren erdian den protagonistak, Sanzek, beste ikuspuntu bat du: «Nafarroan alderdi sozialistarekin elkarlanean aritzeko jarrera irekia ez edukiz gero, beste alternatiba abertzaleak dira». Onda Cero irratian hitz egin du eta PSNk zentzura mozioa aurkezteko mehatxua egin diola ukatu du: «Erabat gezurra da. Inoiz ez naute mehatxatu. Ez dakit pentsatzen duten, baina ez didate esan».
PPk aurrekontuei zuzenketa osoa aurkeztu gero «porrot» egingo duela gaineratu du. «Aurrekontuak txarrak dira, baina bizitzan posibilista izan behar da», azaldu du. «Eta laguntzen didan alderdi bat amildegira bultzatzeko jarrerarik ezin dut izan. Edo UPNk eta alderdi sozialistak elkar ulertzen dugu, edo ezin da ezer aurrera atera ez Nafarroan, ezta Espainian ere». Sanzek ez du ulertzen, PPk dioen moduan, UPNren balizko boto batek zertan eragin ote diezaiokeen «Espainiako interes orokorrari».
Politika
Gaur erabakiko du UPNko Kontseilu Politikoak aurrekontuen bozketan zer egin
PPk ohartarazi dio aurrekontuetan eurek bezala bozkatzera behartzen dituela bi alderdien arteko itunak. PSOEk, berriz, Nafarroako Gobernua eratzerakoan sozialistek egindako mesedea itzultzeko unea dela iradoki dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu