Atxiloketak

Gaur eraman dituzte Barakaldoko bost atxilotuak epailearengana

DNA probak eskatu ditu Pablo Rafael Ruiz Gutierrez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. BERRIAk jakin duenez, ertzainak saiatu dira polizia etxean lagin horiek jasotzen, eta atxilotuek uko egin diote emateari.

2008ko maiatzaren 8a
22:04
Entzun
Aitziber Laskibar

Barakaldoko polizia operazioa agindu zuen epaileak, Pablo Rafael Ruiz Gutierrezek, atxilotuen DNA laginak nahi ditu. Autoa kaleratu du eta Ertzaintzari proba horiek egin ditzala agindu. BERRIAk jakin duenez, ertzainak saiatu dira polizia etxean lagin horiek jasotzen. Behin baino gehiagotan jo dute atxilotuengana lagin eske. Atxilotuek, ordea, uko egin diote DNA emateari.

Komunikazio egoeran daude atxilotuak eta abokatuek horiekin egoteko aukera izan zuten atzo arratsaldean. Ertzaintzak Erandion duen polizia-etxean dituzte asteartean atxilotutako bostak. Abokatuek polizia aurreko deklarazioan egoteko aukera izan zuten, bai eta haiekin elkarrizketa bat izateko ere. Lasai ikusi zituzten, eta gazteek ertzainen eskuetan «tratu zuzena» jaso dutela adierazi zuten. Epailearen aurrera eraman arte ez dutela deklaratuko esan, eta uko egin zioten ertzainen aurrean deklaratzeari. Hain zuzen, gaur eraman dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera Barakaldoko bost gazteak, epailearen aurrean deklara dezaten. 18:00etan hasi dira epailearen aurretik pasatzen.

Atxilotuen hurkoak, halere, haserre daude. Astearteko «operazio mediatikoa» eta «okupazio poliziala» salatzeko agerraldia egin zuten atzo Barakaldon 50 bat lagun, senide eta herrikidek. Ertzainek atxilotuen senide eta lagunekiko izan zuten «jarrera erasokorra» salatu zuen Txusa Etxeandia Gurasoak elkarteko kideak. Atxilotuen etxeetara «eraso militar gisa» sartu zirela, herria «okupazio polizialerako gunea» bihurtu zutela, eta miaketa asko baimen judizialik gabe eta lekukorik gabe egin zituztela.

Operazioa «mediatikoa» izan dela uste du Etxeandiak, eta «jantzi demokratikoa» eman nahi izan diotela. Horrela azaltzen du atxilotuak inkomunikatu ez izana. Etxeandiaren ustez, Euskal Herrian urtetan torturaren aurka egin den lanari esker, agerian geratu da inkomunikazioak tortura ahalbidetu egiten duela eta atxilotuak torturatu egiten direla.

Baina Etxeandiaren ustez, orain, beste bide batzuekin «sortzen» dituzte poliziek atxilotuen kontrako «sasi-frogak». Hor kokatzen ditu DNA frogak. Horien baliorik eza nabarmendu du. Ertzaintzak erabili ohi dituen lagin horiek ez dutela ez balio juridikorik ez zientifikorik. «Legez behar diren baimenik gabe eta lekukorik gabe hartu ohi dituzte laginak. Inork ez daki ez nola ez non jasoak diren, baina, hala ere, gure gazteak atxilotu eta espetxeratzeko froga bakartzat erabiltzen dituzte», salatu du. Gainera, legeak erabilera hori ontzat ematen ez duen arren, Espainiako Auzitegi Nazionala bide hori baliogarritzat jotzen ari dela ohartarazi du. Horrela ari direla «herri honetako belaunaldi oso bat espetxeratzen». Kale erasoetan parte hartzea egotzita atxilotu izan dituztenen aurka erabili izan dituzte, batik bat, DNA frogak. Barakaldoko operazioaren oinarri nagusietakoak ere horiexek dira.

Asteartean atxilotu zituztenen aurkako beste frogarik ez dagoela adierazi du Txutxi Petuyak, Mikel Petuya atxilotuaren aitak. Semearekin zen atxilotze unean, eta ertzainek izan zuten jarrera salatu du. Semea pertsiana baten aurka kolpatu zutela, eta berari ez ziotela abokatuei deitzen ere utzi.

KAPUTXA ETA TIRAGOMA. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioa kolokan jarri du Petuyak. Herrizaingo Sailaren arabera, atxilotuek kale erasoetan parte hartu dutela baieztatzen duten frogak aurkitu zituzten miaketetan. Kaputxak eta tiragomak aipatu zituen. «Egia da atxilotuetako bati kaputxa eta tiragoma aurkitu dizkiotela. Baina kaputxa ez da kaputxa; Chiapaseko kapela tipiko horietakoa da. Tiragoma, Chiapaseko indiarrek turistentzat oroigarri gisa eginikoa da, garbantzua jaurtitzeko ere balio ez duena. Chiapasetik ekarritako oroigarri hutsak dira», ohartarazi du Petuyak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.