Ez da alarde bateraturik izango aurten ere Irungo sanmartzialetan (Gipuzkoa). Izan ere, gaur ere bi alarde izaten ari dira: mistoa eta tradizionala. Mistoa emakumeak soldadu gisa onartzen dituena eta tradizionala emakumeak kantinera gisa soilik onartzen dituena.
Tradizionalak irten du lehendabizi, Urdanibia plazatik, 7:40an. 7.423 gizonezko eskopetekin -iaz baino 300 gutxiago- eta hemeretzi kantinera. Satur Ibargoien jeneralak arazoak izan ditu, bera zeraman zaldia erori egin delako San Juan plazan. Zaldia aldatu diote ondoren.
10:10ean irten du alarde mistoak, bestearen leku beretik. Iaz inongo istilurik gabe eta Ertzaintzaren babesik gabe desfilatu ahal izan zuen lehen aldiz. Aurten 1.046 gizon eta emakume atera dira, iaz baino 300 gehiago. Ehunka lagun izan dituzte txaloka; besteak beste, han zeuden Izaskun Moyua Emakundeko zuzendaria eta Iñigo Lamarka EAEko arartekoa, baita EAE-ANV, Aralar eta EBko ordezkariak ere.
Ainhoa Ruiz Arbulo izan da mistoko komandantea, aurten lehen aldiz. "Urduri jartzeko modukoa da, baina nire inguruan normaltasuna transmititzen didate. Ea gero eta hurbilago dugun alarde bakarra, Udalak bultzatuta. Apustua irabazia dugu".
Alarde mistoko jerenal Xabier Martinezek ere arazoak izan ditu, halako batean erori egin delako zalditik San Juan plazan. Ez du minik hartu.
Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo alkateak aurten ere alarde tradizionalari baino ez dio egin harrera. Moyuak eta Lamarkak haren jarrera kritikatu dute. "Zergatik joan da alarde batengana, herri osoaren alkatea bada?", galdetu du Moyuak.
Denak ere festa giroan ari dira ibilbidea egiten, eta ez da liskarrik izan. Bi alardeek arratsaldean ere irtengo dute, bakoitzak bere aldetik berriro.
Gizartea
Gaur ere bi alarde Irungo San Martzial jaietan
7:40an irten du tradizionalak. 10:10ean izan da alarde mistoaren txanda. Alkateak aurten ere alarde tradizionalari baino ez dio egin harrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu