Gizartea

Gaur ere bi alarde

Irungo alarde mistoarekin bat egin dute feministek, sindikatuek eta ezkerreko alderdi politikoek; 10:10ean hasi da. Alarde tradizionala 07:40etik da martxan.

2009ko ekainaren 30a
17:35
Entzun
Azken urteotan bezalaxe, gaur ere bi alarde izan dira Irunen (Gipuzkoa), San Martzial eguneko ospakizunetan. Alarde tradizionalaren eta mistoaren arteko "gatazkak" saihesteko, ordu desberdinetan atera dira. Hala, laugarren urtez, alarde tradizionala izan da lehena ateratzen, 07:40ean; eta hori amaitzean abiatu da alarde mistoa, 10:10 inguruan. Arratsaldean alderantziz izango da: alarde mistoa 17:30ean aterako da, eta tradizionala 18:30ean.

1522ko ekainaren 30ean Irungo tropak Frantziako armadari gailendu izana ospatzen dute urtero San Martzial egunean. Zenbait gizarte eragile eta talde feminista, ordea, aspaldi hasi ziren aldarrikatzen ospakizuna ez zela berdintasunez egiten, emakumeek ezin dutelako alarde tradizionalean soldadu gisa parte hartu. Alarde mistoan, ordea, kantinera zein soldadu gisara ibiltzen dira andreak, eta aurten gainera, andre batek jeneral gisara desfilatuko du lehen aldiz: Ainhoa Ruizek.

800 lagun inguru atera dira alarde misto horretan, bederatzi konpainiatan banatuta. Hainbat eragile sindikal, politiko eta gizarte eragilek egin dute bat alarde horrekin, besteak beste, Bilgune Feministak, Bidasoaldeko Emakumeek, EBk, Aralarrek, ezker abertzaleak, LABek, UGTk, CCOOk, ELAk eta EILASek.

Alarde tradizionalean, aldiz, 8.000 gizon atera dira, hemeretzi konpainiatan. Zortzigarrenez, Satur Ibargoien da jeneral; beraz, ez da aldaketa handirik egongo. Dena den, arduradunek diote aurtengo desfilea "desberdina" dela, 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean; alarde tradizionalak berdintasunerako eskubidea ez duela urratzen ebatzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.