Gaur ere greba eguna dute Ipar Euskal Herriko eta Frantziako tren zerbitzuetan

SNCFko langileek ez dute begi onez ikusi CGTko buruek onartu proposamena. "Ezinezkoa da aldi berean greba egitea eta negoziatzea", esan du gaur Bertrand Frantziako Lan ministroak.

2007ko azaroaren 16a
14:02
Entzun
Ez zen ia tren bat ere ibili atzo Ipar Euskal Herrian, herenegun bezala. Gaur ere traba handiak espero dira, SNCFko langileek greban jarraitzea erabaki baitute. Nahiz eta atzoko greba herenegungoa baino arrakasta apalagokoa izan, trabak handiak ziren Ipar Euskal Herriko eta Frantziako burdinbideetan. CGT sindikatuaren arabera, langileen %46 greban zeuden atzo. Herenegun %64 zeuden. Langileek biltzar orokorrak egin zituzten atzo, eta greban jarraitzea erabaki zuten. CGT sindikatuko idazkari nagusiak negoziaziorako onartutako oinarria kritikatu zuten langileek, beraz.

Bernard Thibault CGTko idazkari nagusiak onartu zuen erretreten erregimen bereziari buruzko negoziazioak enpresaz enpresa egitea, Frantziako Estatuko ordezkaritza batekin. Frantziako Gobernuak CGTren gibelatze gisa hartu zuen azken proposamen hori, eta baikor agertu zen. Haatik, Xavier Bertrand Frantziako Gobernuaren Lan ministroak azpimarratu zuen erreformaren oinarriak ezin direla negoziatu, hala nola 40 urtetan erretretara joatea, adibidez.

Bertrandek gutuna igorri zien asteazken arratsean sindikatu guztiei. Bertrandek sindikatuei hilabete bateko epea eman nahi zien enpresekin negoziazioak egiteko eta akordioak lortzeko. Bertrandek Estatuaren parte-hartzea onartzen zuen. Sindikatuetako kideek gutun hori aztertu zuten atzo, eta ezin zutela onartu erabaki zuten. FO sindikatuak dio "presioari eutsi" behar zaiola.

"Ezinezkoa da aldi berean greba egitea eta negoziatzea", esan du Bertrandek France 3 telebista katean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.