Atzoko leku berean izan da gaur Iruñeko sanferminetako laugarren entzierroko adarkada bakarra: Estafeta karrikaren hasiera-hasieran, ezkerraldean. Merkaderesko bihurgunea pasatu eta berehala, korrikalari batzuk erori egin dira, atzo bezala, eta zezenak, pasoan zela, haietako bat harrapatu egin du. Eskubiko izterrean sartu dio adarra -atzokoari ipurmasailean-, eta bi norabideko zauria du: bat hamar zentrimetroko sakonerakoa eta bestea hamabostekoa. Kalearen erdialdera bota du metro eta erdi inguru. 28 urteko espainiar gizonezkoa da zauritutakoa.
Entzierro azkarra izan da gaurkoa, bi minutu eta 45 segundokoa. El Ventorrillo ganadutegia izan da, Iruñean lehen aldiz. Zezenen artean -batik bat, Estafeta erditik aurrera-, tarte handi samarra egon da, eta korrikalari askok gozatu handia hartu du, adarren aurrean kokatzeko aukera izan dutelako.
Agian, entzierroko unerik arriskutsuena Udaletxe plazan gertatu da, zezen eta mantsoen tropela pasatzear zela lurrean zegoen mutil bat -31 urteko estatubatuarra- jaikitzen hasi delako eta zezen batek aurrez aurre topatu duelako. Kolpe handia hartu du mutilak eta kordea galdu du. Erietxera eraman dute hura ere. Berreskuratu du kordea.
Santo Domingon erori den beste korrikalari batek buruan kolpea hartu du eta hori ere hospitalera eraman dute. 39 urteko espainiarra da.
Beste lau lagun ere ingresatu dituzte. Haien artean, lau iruindar: J.C.H.N. (62 urte), A.D.L. (33), C.D.B. (48), eta P.A.N. (33). Azken biek utzi dute dagoeneko hospitala.
Aurreko hiru entzierroetan zauritu eta ingresatutako lagunak egonkor daude, eta haietako batzuek gaur utziko dute erietxea.
Iruñeko sanferminak
Gaur ere korrikalari batek adarkada jaso du entzierroan
Atzo bezala, Estafeta hasiera-hasieran harrapatu du zezenak, Merkaderesko bihurgunea pasatu eta jendea lurrera erori denean. Izterrean sartu dio adarra. Lau iruindar erietxera eraman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu