09:00etan meza egin, eta loreak eskaini dizkiete beteranoei, eta, gero, aurreskuarekin omendu dituzte. Ordubetera, Espainia plaza askotariko musikaz bete da, besteak beste, txistua, gaita, trikitia eta musika klasikoa entzun dira bertan. 10:30ean janaria eta edaria izan dira nagusi, non Gastronomia Lehiaketa eta Arabako Errioxako ardoaren dastatzaileen kiniela antolatuta zeuden.
El Meneito Veterano XVIII. Dantza Lehiaketa egingo dute probintzia plazan 12:30ean, jadanik beteranoen tradizio bilakatu dena. Handik ordubetera, bertsolariak egongo dira Aihotz plazan: gaur, Marta Ugartek jarriko die gaia Felipe Zelaieta, Paula Amilburu, Jone Uria, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolariei.
Voces de Riberas taldeak jotak kantatuko ditu Peñafloridako kondearen plazan 18:00etan. Ondoren, Monologos ikuskizuna antolatu dute Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan. Egunero bezala, 23:00etan hasiko da Piroteknia ikuskizuna, gaurkoan Vulcano Piroteknia etxearen (Madril) eskutik.
Mariatxi, ska eta trikiti doinuak
Beti bezala, kontzertuek girotuko dute gaua. Piroteknia ikuskizunaren ordu berdinean De Rancheras y Mariachis taldeak kontzertua eskainiko du Probintzia plazan. Gauerdian, Gozategi egongo da Aihotz plazan, eta ordu berean En Tol Sarmiento taldeak joko du txosna gunean: bigarren taldea Betagarri izango da 02:00etan, eta Dj Loro & Selecta Stepi musika jartzailea ordu txikiak girotzen hasiko da 03:30ean.