"Gaur-gaurkoz, zail" ikusten du PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJrekin EAEko aurrekontuak onartzeko ados jartzea, nahiz eta aukera hori ez duen baztertu. Radio Euskadin izan dira legebiltzarreko talde parlamentarioetako ordezkariak; bertan, diru sarrerak aztertzearen alde agertu da Pastor: "Ez gaude miseria banatzeko prest".
Azaldu du Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proposamena ez dela PSEren gustukoa, eta kexatu da ez dela gaiaren inguruko negoziaziorik izan; soilik "datuen aurkezpen bat" egin dela zehaztu du Pastorrek: "Ez gatoz bat aurrekontuarekin, ezta gastuen eta diru sarreren politikekin, beraz zaila da gaur-gaurkoz akordio batera iristea, nahiz eta ez dugun baztertzen".
EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek, berriz, azaldu du aurrekontuen alorrean ez dutela EAJrekin ados jartzeko "bide handirik"; bi taldeen arteko aldea "handia" dela argudiatu du. Hala ere, zuzenketak aurkezteko lan egingo dutela nabarmendu du.
Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak, berriz, uste du "astia" dagoela akordioetara iritsi eta aurrekontuak onartzeko. Egibarrek esan du alderdiek zuzenketak aurkezten dituztenean hartuko duela negoziazioak "egiazko neurria".