Txosnek egitarau berezia antolatu dute gaurkoan ere, gazteen eguna prestatu bai dute. Horren adierazle dira txosna guneko bi talde ezagunak, Riot Propaganda eta Las Tea Party disko jartzailea. Atzo, Hala Bedi irratiaren 30. urteurrena ospatu zuten.
Egitarau ofizialean, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren eguna izango da. Pilota txapelketarekin piztu dute festa 10:30ean. Ondoren San Migel elizan, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren lore eskaintza hasi eta ordu erdi beranduago, euren omenez aurreskua dantzatu dute; 12:00etan ekingo diote bi pertsonaia horien jaitsierari.
Pilota txapelketaz gain, herri kirolen txapelketa ere antolatu dute Foru plazan 12:00etan. Ordu berdinean, Artiumen aurreko plazan, IX. Estropada Bandera jokatuko da. Hortaz, aukera zabala izango du bertaratzen den orok.
Hainbat bertsolariren ahotsak, umoreak eta imajinazioak Aihotz plaza beteko du 13:30ean. Zigor Enbeitia, Onintza Enbeitia, Erika Lagoma eta Sebastian Lizaso igoko dira holtza gainera, eta Beñat Garaio izango da gai jartzailea.
Arratsaldean pintxo poteoa antolatu dute Foru plazako pilotalekuan 18.00etan, eta 19:30ean PK2:Que dios nos coja confesados ikuskizunaz gozatzeko aukera eskainiko du Dani Mateok Fernandez de Pierola apezpikuaren lorategietan.
Gaua, musikarena
Musika izango da jaun eta jabe gauerditik goizeko ordu txikiak arte, azken kontzertua 03:30ean hasiko baita.
Bongo Botrakok eta Gosek gauerdian ekingo diote: lehena, Foru plazan, eta bigarrena, berriz, Aihotz plazan. Beste bi kontzertuak txosna gunean eskainiko dituzte: Riot Propaganda hasiko da 01:00etan, eta 3:30etan Las Tea Party disko jartzailearen ordua izango da.
Eguraldi kaxkarra egingo duela iragarri duten arren, gaurko kontzertuak jendetsuak izatea espero da.