Gaur hasi da Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian lesakarren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilgo Barajasko T4ko atentatuan parte hartu izana egotzita. 2006ko abenduaren 30ean egin zuen ETAk atentatua, bonba-furgoneta lehertuta, eta bi zibil hil zituen: Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio. 2006ko martxoan emandako su-etenean zela egin zuen erasoa erakunde armatuak. Fiskalak 900na urteko kartzela zigorra eskatu du Portu, Sarasola eta San Sebastianentzat.
Epaiketa lagun egunekoa izango dela aurreikusten dute auzitegian. Akusatuek uko egin diote deklaratzeari, Auzitegi Nazionalaren izaera ez dutelako aitortzen; besteak beste, torturak ahalbidetzen dituelakoan.
Bortzirietako hainbat kargu publikok eta herritarrek oroitarazi dute Guardia Zibilak Portu eta Sarasola torturatu egin zituztela atxiloaldian -2008ko urtarrilean-, eta torturari "aski da" esateko ordua dela aldarrikatu dute. Epaiketaren aurkako mobilizazioak egingo dituzte Lesakan: gaur herri batzarra 20:00etan, etzi elkarretaratzea 19:00etan, larunbatean manifestazioa 20:00etan.
Guardia Zibilak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu eta 17 ordura tortura zantzu nabarmenekin eraman zuten Portu Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera. Saihets bat hautsia, birika zulatua, pleura isuria eta gorputz osoa ubeldua eta puztua bazuen ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ukatu egin zuen torturatua izan zela.
Inkomunikazio aldia amaitzean, torturatuak izan zirela salatu zuten Portuk eta Sarasolak, eta Donostiako Fiskaltzak sinesgarritasuna eman zien salaketei; otsailean, bi lesakarrak torturatu izana egotzi zien lau guardia zibili.
Epaiketa dela eta, Lesakan hainbat ekimen egingo dituzte: astelehenean, herri batzarra, 20:00etan; asteazkenean, elkarretaratzea, 19:00etan; eta larunbatean, manifestazioa, 20:00etan.
politika
Gaur hasi da Barajasko atentatuaren ustezko egileen aurkako epaiketa
Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian epaituko dituzte. Hirurek uko egin diote deklaratzeari, Espainiako Auzitegi Nazionalak torturak ahalbidetzen dituelakoan. Lesakan mobilizazioak egingo dituzte egunotan. 2006ko abenduan egin zuen atentatua ETAk, su-etenean zela, eta bi zibil hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu