Euskal Herria

Gaur hasi da Burlatan 'EH06 Nazio Eztabaida'

Nazio Garapenerako Biltzarrak antolatuta, aurtengo =ieh06 Nazio Eztabaida=i ekitaldia Burlatako (Nafarroa) kultur etxean hasi da gaur. Antolatzaileek "Euskal Herria aintzat hartzen dutenei" parte hartzeko deia luzatu die.

2006ko urriaren 28a
19:00
Entzun
Nazio Garapenerako Biltzarreko kideen hitzetan Nazio Eztabaida Euskal Herriko ziklo politikoaren «mugarria» izango da. Besteak beste urtean zehar, eragile bakoitzak Euskal Herriaren eraikuntzan egindako lana ikusteko eta aztertzeko garaia delako. Nazio eraikuntzan, konpromisoak hartzeko sasoia ere badela uste dute, eta, horregatik, Nazio Eztabaidan parte hartzeko beharra azpimarratu dute. "Guztion artean, eragile zein herritarrek elkarren ondoan, gure nazioaren oinarri sendoak finkatu eta egikaritu behar ditugu", adierazi zuten eztabaidaren aurkezpen egunean.

Nazio Eztabaida 2003an sortu zen, eta, aurten, hirugarren aldiz burutuko da. Euskal Herriak dituen egiturazko arazoei, ikuspegi orokor batetik, norbere esparruan egiten duen lanaz gain, auzolanean eta elkarrekin sortuko diren indar berriak bideratu nahi ditu Nazio Eztabaidak.

Nazio Eztabaidan, hainbat elkartetako kideek parte hartuko dute: besteak beste, Kontseilua, AEK, EHE, Oinarriak, LAB, Segi, IA, Bai Euskal Herriari, Gurasoak, Etxerat, Gaztetxeak, ESAIT, Askatasuna, Orreaga, Urtxintxa, Gara, BERRIA, Hitza, AHT elkarlana, Txalaparta, Info 7 eta abarrek.

BI EGUNETARAKO EZTABAIDA. Antolatzaileek bi egunetarako egitaraua prestatu dute. Gaur, herritarrak bertaratzeko gonbita egin, eta prestatu dituzten hainbat ekitalditan parte hartzeko deia helarazi dute. Arratsalderako, ekitaldi ugari prestatu dituzte: sei hitzaldi txiki, jendarteko azoka, hiru dokumentalen emanaldia eta Hegoafrikako Eskubideen Kartari buruzko hitzaldi nagusia.

Bihar aldiz, Nazio Eztabaida osatzen duten elkarte, eragile eta erakundeen ordezkariek bilkura orokorra egingo dute. Bertan, Euskal Herriaren egoerari buruz mintzatuko dira eragileen ordezkariak eta, denen artean eztabaidatu ondoren, erabakiak hartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.